Aurreko urteetan bezala, aurten ere, gaurko egunez Torturaren Aurkako Eguna antolatu du AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Hego Euskal Herrian. Hala, 1981ean Espainiako hiriburuko polizia etxe batean Joxe Arregi Izagirre Zizurkilgo (Gipuzkoa) gaztea torturen ondorioz hil zela gogoratu, eta gaur egun ere "oraindik ere torturatzen segitzen" duela salatzen ari dira, atzo TAT Torturaren Aurkako Taldearen txostenak berretsi zuenez.
AAMk salatu du Espainiako Gobernuak tortura "tresna politiko bezala" erabiltzen duela, "informazio politikoa eta autoinkulpazioak lortzeko edota euskal gizartean beldurra zabaltzeko". Adibide gisa, iazko bi kasu, urte hasierakoa bata eta urte bukaerakoa bestea, gogorarazi ditu: Igor Portu erietxera eraman behar izan zutela (Guardia Zibilaren esku egon ondotik), baita Arkaitz Landaberea ere.
Azken 40 urteetan 7.000 lagunek baino gehiagok pairatu dituzte torturak eta tratu txarrak, AAMren arabera. Espainiako Polizia, Guardia Zibila, Ertzaintzari... leporatu dizkiote tortutak eta tratu txarrak.
Mobilizazioak
Gaurko eta aste hondarrerako hainbat protesta eta ekitalditarako deia egin dute.
Araban gaur egun osoz torturaren kontrako erakusketa egongo da ikusgai Gasteizko Dato kalean, eta Laudion musika doinu eta bertsoen bidez salatzen ari dira torturaren erabilera.
Bizkaian ere mobilizazio mordoa egiten dihardute. Hala, Bilbon, bi elkarretaratze egitekoak dira arrastirian, bat Etxebarrieta Anaien plazan, alde zaharrean, eta bestea San Ignazio auzoan. Horrez gain, Basaurin eta Santurtzin manifestazio banatarako deialdiak zeuden, 20:00etarako. Lekeition torturaren gaineko mahaingurua egin dute 18:00etan hasita, Kultur Etxean. Bestalde, Getxoko Algorta eta Erromo auzoetan, Arrigorriagan, Berangon, Galdakaon, Ugaon, Leioan, Plentzian, Mungian, Bakion, Ondarroa, Durangon, Markina-Xemeinen, Urduliz eta Otxandion ere tortura salatzen ari dira.
Gipuzkoari dagokionez, Arrasaten eta Mutrikun manifestazioetarako deialdia zegoen 19:00etarako, eta 20:00etarako Amezketa, Azpeitia, Deba, Getaria, Ibarra, Lazkao, Tolosa, Villabona, Zestoa eta Zumaian. Ordu beretsuan egitekoak zituzten mobilizazioak Ataun, Elgoibar, Errenteria, Hernani, Legorreta, Soraluze eta Zaldibian.
Nafarroan 19:00etatik manifestazioa egin dute gaur Iruñeko Sarasate Pasealekutik abiatuta, eta Lizarran eta Lesakan 19:30ean eta 20:00etan, hurrenez hurren. Antsoainen bihar egingo dute manifestazioa, eta Burlatan etzi.
Politika
"Torturak jarraitzen" duela salatzen ari dira gaur Euskal Herrian, Torturaren Aurkako Egunean
Urteroko deialdiari jarraiki, hainbat elkarretaratze eta protesta egiten ari dira gaur eta asteburuan Hego Euskal Herrian, 1981ean Poliziak Madrilen Joxe Arregi Izagirre presoa hil arte torturatu zuela gogorarazteko, eta praktika hori ez dela desagertu salatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu