2001ean Jose Maria Aznar Espainiako orduko gobernuburua hiltzen saiatzea leporatuta, Iñaki Iruretagoiena, Pello Olano, Gregorio Jimenez eta Juan Mari Mujika Dorronsoro epaitzen hasi dira Espainiako Auzitegi Nazionalean. Fiskaltzak, denera, 285 urteko espetxe zigorra eskatu du.
Guardia Zibilaren aurrean eginiko inkulpazioak torturapean egin zituela adierazi du Olanok: "Oihukatzen eta buruan jotzen ninduten, eta flexioak egitera behartzen ninduten lurrera erortzen nintzen arte".
Laurek ukatu dute atentatu saioan parte hartu izana, eta Iruretagoienak ez beste guztiek ukatu dute ETAko kide direla.
2010ean atxilo
Olano 2010eko urtarrilean atxilotu zuten, eta bost egunez izan zuten inkomunikatuta. Atxilotu duten lau aldietatik "gogorrena" izan zen azken hura, Gara egunkariari adierazi zionez. 1980ko hamarkadan izan ziren aurreneko hirurak: "Garai hartan hamar egunekoa izaten zen inkomunikazioa, baina, hala ere, oraingoan askoz okerragoa izan da. Prestatuago daude, eta metodo sofistikatuagoak erabiltzen dituzte".
2013an irten zen espetxetik, hiru urteko zigorra beteta.