Torturak salatu dituzte asteartean atxilotutako lau euskal herritarrek

Talde armatuko kide izatea, lehergailuak izatea eta dokumentuak faltsutzea egotzita, espetxeratu egin ditu Grande-MarlaskakBeren buruen aurka deklara zezaten, etengabe mehatxatu dituztela adierazi dute

Atxiloketak salatzeko mobilizazioak egin dira aste honetan. Irudian, Bilbon asteazkenean egindakoa. M. R.  / ARP.
Ibai Maruri Bilbao.
2011ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Astearteko polizia operazioan atxilotutako Iñigo Zapirainek, Beatriz Etxebarriak eta Lorena Lopezek guardia zibilen eskuetan inkomunikatuta egon diren bost egunetan torturak jasan dituztela salatu dute. Jasandako tratua «oso gogorra» izan dela adierazi dute; kolpeak jaso dituztela, poltsa egin dietela eta presio psikologikoa eta mehatxuak etengabe jaso dituztela adierazi diote euren abokatuari.

Atzo pasa ziren Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Fernando Grande-Marlaskaren aurretik. Talde armatuko kide izatea, lehergailuak eta armak izatea eta dokumentuak faltsutzea egotzita, baldintzarik gabe espetxeratzeko agindu zuen hark. Iragan asteartean atxilotu zituen Guardia Zibilak, Bilbon (Bizkaia).

Egun berean atxilotu zuten ostiraletik espetxean dagoen Daniel Pastor. Pastor birritan eraman behar izan zuten ospitalera, Guardia Zibilaren esku inkomunikatuta zegoenean. Hark ere salatu ditu tratu txarrak.

Espetxera sartu aurretik abokatuek haiekin hitz egiteko aukera izan zuten atzo arratsaldean. Bost bat minutu baino ez zieten utzi. BERRIAk abokatuarekin hitz egin du, eta laurek «oso tratu gogorra» jaso dutela adierazi du. Abokatuaren esanetan, kolpeak jaso dituzte buruan, eta poltsa egin diete. Nesketako bat biluztu eta iraindu egin dute. Bi mutilekin tratu txar psikologikoak osogogorrak izan dira. Abokatuari kontatu diotenez, «ez bazuten poliziek nahi zutena esaten nesken kontra joko zutela esanez mehatxatzen zieten».

Ostiralean Espainiako hainbat hedabidek zabaldu zuten Pastorrek ez zuela tratu txarrik jaso, «berak bere burua zauritu zuela» adierazi zuten, eta horregatik eraman behar izan zutela ospitalera. Gara egunkariak dioenez, Pastorren abokatuari hala dela onartu dio, ez zuelako Poliziak idatziz pasatako deklarazioa sinatu nahi. Izan ere, arestian esan bezala, bere burua erruduntzat jo ezean bere neska-laguna preso sartuko zutela esanez mehatxatu zuten.

Atxilotu zituzten egunean bertan habeas corpusa eskatu zuten abokatuek, alegia, berehala epailearen aurrera eramatea. Baina Grande-Marlaskak ukatu egin zien. Ondoren, torturak eragozteko neurriak eskatu zizkioten. Besteak beste, konfiantzazko mediku baten bisita eta atxilo aldi guztia bideoz grabatzea. Horieiere muzin egin zion epaileak.

Hedabideek esana baieztatu

Espainiako hedabideek hasieratik leporatu zien Puelles hiltzea, besteak beste. Espainiako Barne ministro Alfredo Perez Rubalcabak, ordea, zuhurtziaz hitz egin zuen hasieran, atxiloketei buruz esandako lehen berbetan. «Garrantzi handiko ikerketa baten hasieran» zeudela zioen, eta emaitzak ezagutu arte ez zuen ezer ziurtzat eman nahi izan. «Ez dut aukera bat ere baztertzen, baina oraindik ez dugu daturik horiek baieztatzeko».

Bizkaian eta inguruan «azken urteetan egin diren atentatuekin» lotura dutela baieztatu zuen, eta hori bera leporatu die epaileak ere. Poliziak fitxatu gabeko ETAren ustezko kide legalak zirela azaldu zien komunikabideei. Operazioaren jatorria Garikoitz Aspiazu eta Mikel Karrera ETAko ustezko buruzagien atxiloketetan zetzala ere aipatu zuen.

Grande-Marlaskak bere autoan dio lau atxilotuek ustez osatzen zuten taldeak hamalau ekintzatan parte hartu duela. Besteakbeste, eta betiere epailearen berbetan, Zapirainek Eduardo Puelles Espainiako Poliziako inspektorearen eta Luis Conde Espainiako armadako brigadaren hilketetan parte hartu zuela dio. Burgoseko Guardia Zibilaren kuartelean eta Espainiako Defentsa Ministerioak Logroñon (Espainia) duen ordezkaritzan bonba auto bana jarri izana ere leporatu diete. Inkomunikazio aldian atxilotuek polizia etxeetan eginiko deklarazioetan oinarritu da epailea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.