AAM Aministiaren Aldeko Mugimendak jakinarazi duenez, azken polizia operazioan atxilotutako lagunetako zenbaitek torturak salatu dituzte. Oraindik informazio urri duela agertu du AAMk, baina, zehazki, Naia Zuriarrainek eta Saioa Agirrek torturak salatu dituztela. Bi emakume horiek emandako lekukotasunen arabera, kolpeak, zaplaztekoak, poltsa egiteko mehatxuak eta sexu jazarpena jasan dituzte; ukitu lizunak egin dizkietela zehaztu dute. Batak zein besteak auzi medikuari zein epaileari eman diote horren guztiaren berri.
Jose Luis Gallastegik, berriz, salatu du postura behartuetan egonarazi dutela, ondoezik sentitzeraino ariketa fisiko gogorra eginarazi diotela, eta poltsa-rekin, bainera-rekin eta elektrodoak jartzearekin egin diotela mehatxu.
Erramun Landak hiru egun erietxean egin ditu. Diabetikoa da, eta hasiera-hasieratik izan zituen krisiak.Txomin Aizpuruak, Arantza Zuluetak, Jon Enparantzak eta Iker Sarriegik galdeketa luze eta gogorrak jasan dituztela salatu dute, baina horiei buruz informazio urria du AAMk.
Horiek guztiak eta Juan Mari Jauregi eta Asier Etxabe -guztira hamar lagun- joan den asteazkenean atxilotu zituen Guardia Zibilak eta atzo arte inkomunikatuta eduki. Deklarazioa inkomunikatuta hartu zien atzo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Fernando Grande Marlaskak, eta hamarretatik bost (Zuriarrain, Agirre, Zulueta, Enparantza eta Sarriegi) espetxera bidali zituen. Erramun Landa, Jose Luis Gallastegi eta Txomin Aizpurua baldintzarik gabe utzi zituen aske, eta Juan Mari Jauregi eta Asier Etxabe bermarekin (30.000 eurokoa lehenak eta 12.000koa bigarrenak).
Sarekada horrekin lotuta David Pla atxilotu zuen Frantziako Poliziak ostiralean Hendaian (Lapurdi), baina atzo aske utzi zuten inolako kargurik gabe. ETAko kide izatea edo laguntzea egozten diete espetxeratuei, eta David Plari haien buru izatea leporatzen dio Grande Marlaskak.
Polizia operazioa
Torturak salatu dituzte atxilotuetako batzuek
Naia Zuriarrainek eta Saioa Agirrek adierazi dute kolpeak eta 'poltsa' egiteko mehatxuak jasateaz gain sexualki jazarri dituztela. Horiek biak eta Arantza Zulueta, Jon Enparantza eta Iker Sarriegi abokatuak espetxera bidali zituen atzo gauean Fernando Grande Marlaska epaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu