Epaitzen hasi diren hamar gazteetatik bostek deklaratu dute gaur Madrilen. Haietako bik salatu dute inkomunikatu zituztenean torturak eta tratu txarrak jasan zituztela. "Kolpeak, ostikoak, mehatxuak...". Buruz ikasarazi zizkieten poliziaren aurrean egin zituzten deklarazioak. Baina epaimahaiari azaldu diote han esandakoak ez direla egia, "mehatxupean" egindakoak direla.
Izan ere, hamar gazte horietatik zortzi atxilotu zituzten, eta zortzi horietatik zazpik tortura eta tratu txarrak salatu zituzten.
Txaber Zabaleta izan da aurrena deklaratzen. Ez dela inoiz Segiko kide izan, eta azaldu du ez duela talde horrekin loturarik izan. Ekitaldi, omenaldi eta ongietorrietan parte hartu izan du, nahiz eta epaileari ukatu egin zion hori. "Ongietorrian egoteak espetxera eraman nintzakeela pentsatu nuen, eta horregatik ukatu nuen, baina nire osabaren ongietorrian egon nitzen".
Kontrakantxa Hernaniko gaztetxean egoten dela esan du, musika talde bat daukatelako eta han entseatzen dutelako. Baina nabarmendu du ez dela Gazte Asanbladako kidea.
Jon Ezeizak jarraitu du. Urnietakoa da hura. Segirekiko lotura guztiak ukatu ditu. Bera atxilotzera joan zirenean, etxetik atera aurretik, hasiera-hasieran tratu bat proposatu ziotela kontatu du: "Besteak salatzen banituen ni libre utziko nindutela". Handik Donostiako epaitegirako bidean kolpe, mehatxu eta ostikoak jaso zituela kontatu du, eta han auzi medikuarengana eraman ostean, berriz ere kolpeak eman zizkiotela. Baita Madrilerako bidean ere: "Entzun nahi zutena esaten ez banuen, zaplaztekoak, ostikoak..."
Auzi medikuari azaldu zion tratu txarrak jasotzen ari zela, eta halaxe jaso zuen medikuak txostenean: "Estres handiarekin dago. Esaten du nahi dutena deklaratzen badu bakean lagako dutela hitzeman diotela, eta horixe egin duela, nahiz eta egia ez izan. Hori esan duenean bakean utzi dutela". Baltasar Garzon epailearen aurrera deklaratzera eraman zutenean ez zion gertatutakoaren berri eman: "Leher eginda nengoen, oso beldurtuta, ez nintzen gai izan".
Antton Zabala izan da deklaratzen hirugarrena. Polizia operazioa egin zutenean ez zuten atxilotu. Haren etxebizitza eta osabarena arakatu zituzten. Elosua abokatuak esanda, epailearengana joan zen. Fiskalak egozten dizkionak ez direla egia esan du, Segirekin ez duela harremanik.
Ekaitz Telleriak ere deklaratu du. Hura ere ez zuten atxilotu operazioaren egunean. Gerora, epaileak hura bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman zuen. Abokatuarekin epailearen aurrera joan zen. Esan du ez dela Segikoa, ez duela kale erasoetan inoiz parte hartu eta ez diola inori halakorik egiteko proposatu.
Iñigo Alzelai izan da deklaratzen azkena. Segiren eskualdeko arduradun izatea egozten diote, baina hori gezurra dela esan du. Ez dela Segikoa eta ez duela kale erasoetan parte hartu. Atxilotu eta Donostiara eraman zutenean gogor jo zutela esan du: "Gizon bat etorri zen, 50 urtetik gora izango zituen. Beheko ezpainetik heldu zidan, eta gogor tira egin. Zaplaztekoak eta kolpeak eman zizkidan, lurrera bota eta ostikoak, kolpeak...". Buruz ikasarazi zioten poliziaren aurrean egindako deklarazioa. Epailearen aurrean ez zituen ordea poliziaren aurrean esandakoak berretsi, eta "torturapean" egindakoak zirela esan zuen.
Epaiketaren hasieran, Iñigo Iruin abokatuak froga dokumental berriak aurkeztu ditu, aurretiazko gaietan. Hernanin egin zen Independetzia Egunean ekitaldi politikoa besterik ez zutela debekatu frogatzen duen Herrizaingo Sailaren oharra, Ezkiaga kultur elkartearen estatutuak, Auzitegi Nazionalak Segiko kide izatea egotzita epaitutako gazte batzuk absolbitu zituen epaia... Jose Mari Elosuak, Onintza Ostolazak eta Aiert Larrartek ere dokumentu berriak proposatu dituzte. Onartu egin dizkiete.
Espainiako Auzitegi Nazionaleko salarik txikienean egin nahi zuten epaiketa. Defentsak aldatzeko eskatu du, auzipetuak hamar direlako eta haien senitarteko eta lagun asko joan direlako. Baietz esan diete, eta bigarren solairuko beste areto batean hasi da epaiketa. Hasieran ez zegoen publiko osoa esertzeko tokirik, baina aulkiak ekarri dituzte, eta denak eseri dira. Bi lerrotan daude auzipetuak, Gazte bat gehiago ez leloa duten kamisetak jantzita. Publikoa hiru lerrotan, estu-estu.
Tratu txarren salaketa zortzitik zazpik
Akusatuen aulkian Hernaniko hamar gazte eseri dira gaur, zazpi eta bederatzi urteko espetxe zigor eskaerei aurre egiteko. 2009an atxilotu zituzten hamar horietako zortzi, eta zazpik inkomunikazio garaian tratu txarrak jasan zituztela salatu zuten. Beste bi lagun deklaratzera joan ziren geroago. Bihar jarraituko dute epaiketa, gaur deklaratzeke geratu diren bost auzipetuen testigantzekin.
Baltasar Garzon epailearen aginduz egin zuen operazio hura Espainiako Poliziak. Garzonek berak abiatutako ildoari jarraitzen zion. Hura izan zen 2001. urtean Jarrai-Haika-Segi auzia abiatu zuen epailea. 2007an Auzitegi Gorenak hiru gazte erakunde horiek legez kanpokotzat jo zituenetik, hainbat polizia operazio egin dira Euskal Herrian. Horietako bat da Hernanin egin zutena. Segiko kide izan eta “talde terroristako kide” izatea egotzita epaituko dituzte.
Epaituak:
Egoitz Balerdi, bederatzi urteko espetxe zigor eskaera
Mikel Garcia Otamendi, bederatzi urteko espetxe zigor eskaera
Txaber Zabaleta, zazpi urteko espetxe zigor eskaera
Axier Olano, zazpi urteko espetxe zigor eskaera
Ekhi Oñarte, zazpi urteko espetxe zigor eskaera
Jon Ezeiza, zazpi urteko espetxe zigor eskaera
Antton Zabala, zazpi urteko espetxe zigor eskaera
Ekaitz Telleria, zazpi urteko espetxe zigor eskaera
Iñigo Alzelai, zazpi urteko espetxe zigor eskaera
Aitzol Arrieta, zazpi urteko espetxe zigor eskaera
Elkartasuna
Amaiurreko diputatuak ere Auzitegi Nazionalera joan dira, epaitutako gazteei elkartasuna adierazteko. Xabier Mikel Errekondok hitza hartu du, eta PPri eskatu dio "jende konprometitua kriminalizatzeari" uzteko, "batik bat gazteak". Espainiako Estatuak norabidea aldatu beharra daukala azpimarratu du.