Urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu diote fiskalak eta akusazio partikularrak Alfontso Zenon abokatuari, goizean egindako epaiketan, jendaurrean esateagatik 2010. urtean Ertzaintzak Ondarroan egindako polizia operazio batean atxilotutako gazteek torturak salatu zituztela eta Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburua tortura horien erantzule egiteagatik. Denbora berean abokatu lanetatik kanporatzeko ere eskatu dute akusazioek, eta gertaerak izan zirenean Herrizaingo sailburu zenari (Rodolfo Ares) 15.000 euro ordaintzeko. Abokatuak esan zituenek Aresi eragindako "kalte morala" ordaintzeko neurri gisa proposatu dute ordaina. Goizean egin da epaiketa, Bilboko Epaiitegian, eta auzia epaiaren zain geratu da.
2010eko urtarrilaren 26an hasitako operazioan, bederatzi pertsona atxilotu zituen Ertzaintzak Ondarroan (Bizkaia), ETArekin lotura izatea egotzita. Ertzaintzak inkomunikatuta eduki zituen gazteak. Haien konfiantzazko abokatuek espetxera eraman zituztenean izan zuten atxilotuekin egoteko aukera aurrenekoz. Abokatuek berek egun batzuk geroago jendaurreko agerraldi bat eginda salatu zutenez, Ertzaintzak torturatu egin zituela kontatu zieten atxilotuek abokatuei: jo, eta presio eta mehatxu egin zietela, eta tortura psikologiko latza jasan zutela.
Abokatuek gogor salatu zuten beren bezeroek azaldutakoa. Bai ertzainek emandako tratua, bai ertzainen arduradun politikoek tortura kasuetan duten erantzukizuna: "Argi eta garbi esan behar dugu Ertzaintzaren dibisio berriak torturatu egiten duela Ares jaunaren agindupean", esan zuen zehazki Zenon abokatuak, atxilotuen senide, lagun eta herrikideekin egindako agerraldian.
Abokatuaren adierazpen haiek sailburu zenaren ohorea eta "sinesgarritasun pertsonal eta politikoa" erasotu zutela esan dio Aresek gaur epaileari, eta bere zein ertzainen izen ona defendatzea beharrezkoa dela.
Ertzainek "legearen arabera" jokatu zutela defendatu du Aresek, ez zituztela torturatu, eta berak ez zuela inor torturatzeko agindu. Tortura salaketak artxibatu izana jarri du tratu txarrak ukatzeko froga gisa. Edozein kasutan, tortura salaketak ikertzeko beharrik ez zuela ikusi adierazi du, eta ez zuela, beraz, hartarako prozedurarik abiarazi.
Aresen adierazpenetan oinarrituta, Zenonek gezurra "nahita, min egiteko" esan zuela argudiatu dute akusazioek, abokatua zigor dadila eskatzeko.
Zenonek adierazi duenez, berriz, abokatuek atxilotuei sinetsi zien kontatutakoa, eta haien defentsa gisa duen betebeharragatik salatu zituen tratu txarrak. Ezin zuela bestela jokatu azaldu du, eta hala egingo lukeela berriz ere.
Aresen zein "beste inoren" ohorea zikintzeko inolako asmorik ez zuela ziurtatu du abokatuak, eta, bere eskubide zein betebeharrak kontutan hartuta, absolbitu dezatela eskatu du.