tortura

Torturaren aurkako astea egingo dute Zizurkilen, Joxe Arregi oroituz

1981eko otsailaren 13an hil zen zizurkildarra, Espainiako Poliziaren esku jasan zituen torturen ondorioz.

Tortura zantzuak, Arregiren gorpuan.
2014ko otsailaren 11
16:59
Entzun

Torturaren Aurkako Eguna bihurtu da Euskal Herrian Joxe Arregi hil zutenekoa: otsailaren 13a. 1981ean izan zen, eta hamaika ekitaldi egin izan dira geroztik, torturaren aurka, egun horren bueltan. Bereziki, Zizurkilen (Gipuzkoa), hangoa baitzen Arregi; inkomunikatuta bederatzi egun egin ostean hil zen, Espainiako Poliziaren eskuetan. Aste osorako egitaraua antolatu dute aurten Arregiren jaioterrian.

Gaur, solasaldia egingo dute 19:30ean, Atxulondo kultur etxean, Joxe Arregi kasua gogoratuz izenburupean. Auzi mediku, antropologo eta Aranzadi zientzia elkarteko presidente Francisco Etxeberria, historialari eta Euskal Memoria fundazioko presidente Iñaki Egaña, eta Joxe Arregiren arreba Maribi Arregi arituko dira hizlari.

Bihar, 120 ordu dokumentala emango dute, leku eta ordu berean, eta solasaldia izango da ondoren. Ostiralean, Harkaitz Cano idazlea eta Joxi Zabalaren arreba Pili Zabala izango dira Zizurkilgo kultur etxean. Twist izeneko nobela idatzi zuen Canok Zabalaren eta Joxean Lasaren kasua oinarri hartuta, eta egilearen nahiz familiaren ikuspuntutik jardungo dute, prozesuari buruz.

Azkenik, igandean egingo dute urteroko ekitaldia Joxe Arregi plazan, 13:00ean. Aste osoan, torturak salatu zituen Mikel Egibarren erakusketa egongo da ikusgai kultur etxean bertan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.