Torturaren kontra lan egiteko trabak dituztela salatu dute medikuek eta abokatuek

Datorren larunbatean Donostian egingo den nazio manifestaziora joateko deia egin dute, TATekin batera

Oihana Elduaien Uranga.
2010eko urriaren 22a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionalak trabak besterik ez dizkie jartzen hainbat abokatu eta medikuri. Inkomunikazio aldian torturarik egon ez dadin aritzen dira lanean, besteak beste, baina ezin dute behar bezala lan egin, enbarazuak besterik ez baitituzte topatzen. Hala salatu dute inkomunikatutako pertsonekin lanean aritzen diren hainbat abokatu eta medikuk, TAT Torturaren Aurkako Taldearekin batera Bilbon emandako prentsaurrekoan. Torturaren kontra datorren larunbatean Torturarik ez! lelopean Donostian egingo den manifestaziora joateko deia egin diete herritarrei.

Abokatuek salatu dute «hasiera-hasieratik» eragozten dietela lana, atxilotua inkomunikatzen duten unetik ezin dutelako harekin hitz egin. «Tortura praktikatu, ahalbidetu eta ezkutatzen dutenak gure lanean oztopoak jartzen saiatzen dira, gu Auzitegi Nazionaletik kanporatuz, gure bezeroekin harreman zuzena edukitzeko trabak jarriz, eta, are larriago dena, beraien salaketen berri emateagatik gure aurkako prozedurak irekiz». Atxilotuari zer egozten zaion eta zein tratu ematen dioten ere ezin dutela jakin salatu dute, eta horrela defentsarako eskubidea urratzen dela.

«Atxilotu bati inkomunikazioa kentzen zaion bakoitzean torturaren arrastoa ikusten diogu begietan». Gainera, torturapean lortutako deklarazioak haiek zigortzeko erabiltzen direla salatu dute, nazioarteko legedi guztiek hori debekatzen duten arren.

Abokatu horiez gain inkomunikatutako atxilotuekin egoteko aukera izan duten medikuak ere agertu ziren prentsaren aurrean. Izan ere, Auzitegi Nazionaleko zenbait epaile protokolo berezi bat aplikatzen hasi zirenetik, konfiantzazko medikuek inkomunikatutako pertsona ikusteko aukera izaten dute. Atxilotua ikusteko baimena ez dutela beti lortzen salatu dute batetik, eta lortzen dutenean ere «erabat ezinezkoa» zaiela lana behar bezala egitea. Atxilotuei egiten dizkieten bisitak auzitegi medikuekin batera egin behar izaten dituztela ekarri dute gogora; «Unai Romanoren aurpegia autolesioaren ondorio zela esan zuen auzitegi mediku berberarekin, edota Mikel Zabalza eskuburdinak bizkarrean lotuta zituela igeri egiteko gai zela esan zuen mediku berdinekin».

Txostenak begiratu ere ez

Atxilotuekin euskaraz ezin hitz egitea gaitzetsi dute, eta, auzitegi medikuekin batera daudenez, inkomunikatuta dagoen pertsonak ezin diela «askatasun osoz» kontatu gertatzen ari zaiona. Trabak izan arren, tortura zantzuak ikusi dituztenean txostenak egin eta epaileei ematen saiatu dira auzitegi mediku horiek, baina txosten horiek ez dizkietela hartu ere egin salatu dute.

Atxilotuak inkomunikazio aldia amaitu eta espetxera eramaten dituztenean haiei laguntzeko ere trabak dituztela salatu dute medikuek: «Askok torturak eragindako estres egoera larriak pairatzen dituzte edota diagnostikatu gabeko eritasun fisikoa. Eta espetxeak guri sarrera debekatzeak, gaixotasun horiek guztiak larritzea dakar».

Epaileen utzikeria salatu du, bestalde, TATek. Beraiek proposatutako frogei kasurik ez dietela egiten jakinarazi dute, eta ikerketarik egin gabe salaketak artxibatzen dituztela. Datorren astean torturari buruzko bi epaiketa egingo direla ekarri dute gogora -Donostian Igor Portu eta Mattin Sarasola torturatzea egotzita 15 guardia zibil epaituko dituzte, eta ostegunean Maite Orueren tortura salaketa aztertuko dute Madrilen-. Nolanahi ere, torturaren kontrako borroka ez dela auzitegietan irabaziko nabarmendu du TATek: «Tortura ahalbidetu, ezkutatu eta babesten duen makineria osoa desagertu arte lanean jarraitu behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.