tortura

Torturaren kontrako elkarretaratze bat debekatu dute Nafarroan

Deitzaileek ekimena "premiazkotzat" jo zuten, baina gobernuaren ordezkaritzak ukatu egin du halakoa dela, eta legea aintzat hartuta, elkarretaratzea debekatzea erabaki du. Gobernuak legea "bere mesedetan bihurritu" duela salatu dute ekimenaren aldekoek.

2011ko martxoaren 18a
15:30
Entzun

Astelehenean, Iruñean, PSNren egoitzaren aurrean torturaren aurka egitekoa zen elkarretaratzea debekatu du Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak. Torturaren Kontrako Gurasoak mugimenduak atzo eskatu zuen elkarretaratzea egiteko baimena. Ekimena lau egun barru egingo zenez, "premiazko" elkarretaratzea zela adierazi zuten.

Gobernuak, baina, ukatu egin du ekimen hori "premiazkoa" dela; eta hilak 28 eta apirilak 11 artean antzeko beste hiru eskaera gehiago egin direla jakinarazi du. Horregatik, elkarretaratzeak egiteko eskaerak, gutxienez hamar egun lehenago egin behar direla argudiatuta, torturaren kontrako ekimena debekatzea erabaki du gobernuaren delegazioak.

Torturaren kontrako gurasoak taldeak ez ditu gobernuaren argudioak onartu, baina. Haien aburuz, "gobernuaren ordezkariak legea bere mesedetan bihurritu du, PSOEren kontra doazen elkarretaratzeak debekatzeko". Sainzen gobernuak gizartea "isilarazi" nahi duela gaineratu dute. Atxilotuek torturak "behin eta berriz" salatzen dituztela nabarmendu dute, eta debekua Giza Eskubideen urraketaren "salaketa ekiditeko" erabili dutela ohartarazi dute.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.