TORTURAREN KONTRAKO EPAIKETA. Auzitegia, guardia zibilen gotorlekua

Kaleko jantzitako poliziek auzitegiko sala bete dute lehenengo bi saioetan. Epaigelara sartzerako orduan, Portu eta Sarasolaren lagunak bultzatu eta jo zituzten atzo, eta saio osoan jarrera mehatxatzailea agertu zuten.

jokin sagarzazu
Donostia
2010eko urriaren 27a
00:00
Entzun
Irudi bera errepikatu da lehenengo bi auzi saioetan. Kaleko jantzitako poliziez beterik daude Gipuzkoako Probintzia Epaitegiko inguruak, eta auzi salan entzuleentzat prestatutako aulki ia guztietan haiek esertzen dira. Portu eta Sarasola torturatzea egotzita epaitzen ari diren akusatuei babesa ematera joateaz gain, guardia zibilek indar erakustaldia egin nahi dutela dirudi.

Herenegungo saioa nahiko lasai joan bazen ere, atzokoan tentsio uneak izan ziren. Portu eta Sarasola 09:30ean iritsi ziren auzitegira. Ordurako, auzitegiko itxarongelan zeuden ehundik gora guardia zibil, kaleko jantzita. Auzi salaren atean, noiz ireki zain. Portu eta Sarasolaren senide eta lagunak, berriz, izkina batean, inguratuta. Poliziek ez beste guztiek metal detektagailua igaro behar dute auzitegian sartzeko.

Salan sartzen lehenak kazetariak izan ziren; ondoren, Portu eta Sarasolaren senideak, eta minutu batzuk geroago, publikoa. Herenegun bezala, atzo ere arrapaladan sartu ziren polizia gazteenak. Ondoren sartu ziren polizia helduenak, aurretik sartu zirenek aulkia gorde baitzieten.

Portu eta Sarasolaren lagunek lekurik ez hartzea da gazteen xedea, eta horretarako bultzadak eta kolpeak eman behar badituzte, eman egiten dituzte. Atzo, besteak beste, emakume edadetu bat lurrera bota zuten, eta beste batzuei ukimen sexistak egin zizkieten, denen aurrean, baita auzitegian zeuden ertzainen aurrean ere.

Saioak iraun zuen ia bost ordu luzeetan iraun zuen tentsioak. Porturen lagunek poliziez inguratuta jarraitu zuten epaiketa, salako azken ilaratik. Polizien begiradak etengabeak izan ziren. Lagunen bat salatik irteten bazen, poliziaren bat atzetik jarraika zuen. Tinko eutsi zioten, baina, senide eta lagunek, eta urruti bazeuden ere, Portu eta Sarasola agurtzea lortu zuten. Senideen kontrako jazarpen hori salatu du Etxerat-ek, ohar bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.