TORTURAREN KONTRAKO EPAIKETA. Donostiako martxan parte hartzera deitu dute ELAk eta LABek

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak elkarretaratzea egingo du bihar, epaitegiaren aurrean, 12:00etan

Erredakzioa
Donostia
2010eko urriaren 27a
00:00
Entzun
Torturaren aurka Donostian larunbatean egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin dute ELAk eta LABek. Ekimen horrekin bat egin dute, halaber, mugimendu feministako hainbat taldek. 50 eragilek baino gehiagok babestu dute larunbateko martxa. Besteak beste, gehiengo sindikalak eta ezker abertzaleak, EAk, Aralarrek, ABk eta Alternatibak. Manifestazioa Antiguako tuneletik abiatuko da, 17:30ean. Era berean, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak elkarretaratzea antolatu du biharko, 12:00etan, Probintzia Epaitegiaren aurrean, Donostiako San Martin kalean.

ELAk dio giza eskubide guztiekin konprometitua dagoelako egiten duela bat deialdi horrekin. ELAren arabera, «sistemaren parte» da tortura. Salaketak ez direla ikertzen kritikatu du, eta atxilotuei ezartzen zaien inkomunikazio aldia amaitzeko exijitu du.

LABek, berriz, elkarretaratzea egin zuen atzo Lesakan, Portu eta Sarasolaren herrian. Ainhoa Etxaide sindikatuko idazkari nagusiak nabarmendu duenez, «erabateko inpunitatea» dago torturaren inguruan. Hori amaitzeko eskatu die epaileei, eta euskal gizarteari dei egin dio torturaren aurkako mobilizazioan parte hartzeko.

ELA eta LABez gain, mugimendu feministako hainbat taldek ere deitu dute larunbateko martxara. Sorginak, Hazparneko Emazteek Diote, Emakume Internazionalistak, Medeak, Malen Etxea, Bilgune Feminista, Bizkaiko Emakumeen Asanblada eta Plazandreok taldeek agiri bat adostu dute tortura sexistak eta bestelako tratu txar mota guztiak salatzeko.

Beste bost polizia auzitara

Maite Orue gernikarra torturatu izana leporatuta, bost polizia epaituko dituzte bihartik aurrera Madrilgo Auzitegian. Epaileak kasua artxibatu egin zuen 2008an, baina TAT Torturaren Aurkako Taldeak jarritako helegitea dela medio, auzitegiak epaiketa abiatzea erabaki du, delitu zantzuak badirela iritzita. Espainiako Poliziak 2005eko uztailean atxilotu zuen Orue; bermea ordaindu ondoren, aske geratu zen.

Orueri babesa agertzeko manifestazioa egingo dute Gernikan gaur, eta mozio bat aurkeztuko dute bihar udaleko osoko bilkuran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.