Tortura salaketa jarri zuten bi presoen bertsioak kontrakoa dio, ordea. 2008ko urtarrilaren 6an atxilotu zituzten, eta biek ala biek esan zuten atxilotu zituzten unean ez zela indarkeriarik izan, inoren aldetik -hori berresten duen lekuko bat ere badago-. Ibilgailuan sartu eta mugitzen hasi orduko hasi ziren ordea kolpeak, ustezko bi etakideen esanetan. Handik mendi aldeko erreka bazter batera eraman zituztela ere adierazi zuten, eta han ostikoka eta kolpeka hartu zituztela, besteak beste. Gainera, peritu gisa deklaratuko duten auzitegiko mediku batzuek ere ez dute guardia zibilaren bertsioa ontzat jotzen.
Guardia Zibilaren bertsioa entzun zen ordea atzo auzitegian. Akusatuen aulkian eseritako hamabost guardia zibilek bata bestearen atzetik deklaratu zuten. Neurri bereziak hartu zituen auzitegiak haientzat, aurpegia agerian zutela egon baziren ere, beste ate batetik sartu ziren auzi gelara. Haien irudirik hartzen ez zioten utzi inori, gainera -ezta bizkarrez ere-. Babes handia izan zuten auzipetuek. Auzi gela kaleko jantzitako guardia zibilez beteta egon zen, leporaino. Aurreko ilaretan agintari itxura zutenei egin zieten tokia, eta haiek atseden unean eta saioa amaitutakoan akusatuei eskua ere eman zieten. Portu eta Sarasolaren senitarteko batzuk ere baziren auzi gelan.
Juan Jesus Casas sarjentua izan zen deklaratzen aurrena. Hain justu, harentzat eskatzen dute zigorrik handiena akusazioek. Portu eta Sarasolaren akusazio partikularrak 17 urteko zigorra eskatzen du, baita 24 urteko inhabilitazioa eta sufragio pasiborako inhabilitazio berezia ere. Gipuzkoako Fiskaltzak, berriz, hiru urteko zigorra eskatzen du.
Portu eta Sarasola atxilotzeko Arrasaten (Gipuzkoa) egindako operazioaren buru izan zen Casas. Fiskalaren eta bere defentsaren galderei erantzunez, esan zuen Portu eta Sarasola atxilotzea ez zegoela aurretik erabakita. Elgeta eta Arrasate inguruak arakatzeko aginduarekin atera zirela, eta mendi aldetik jaisten bi lagun ikusi zituenean, haiek identifikatzea erabaki zuela, Errege Eguna izanik «arraroa» iruditu zitzaiolako bi lagun menditik jaistea, eta hilabete lehenago inguru haietan beste ustezko etakide bat atxilotu zutelako.
Kontatu zuenez, haien identifikazioa egiaztatzen ari zela entzun zuen «geldi guardia zibilaren aurrean!» oihua. Buelta eman zuela eta Portu ihesean lasterka ikusi zuela kontatu zuen. Bi aldiz pentsatu gabe ekin zion lasterketari, tribunalari kontatu zionez. Esprint motz baten ostean «plakajea» egin ziola kontatu zuen, eta haren gainera erori zela. Une hartan Jose Manuel Escamila kaboa ere gainera erori zitzaiela gaineratu zuen, eta litekeena dela Portuk orduann haustea saihetsa -hautsitako saihetsak birika zulatu zion-. Indarka hasi zen orduan Portu, «muturreko indarkeria» erabiliz, Casasen arabera. Indartsu eta sasoiko zegoela esan zuen, eta bi guardia zibil gainean izanagatik ere buelta ematea lortu zuela. Egoera hartan, «immobilizatu» nahian, «gorputz osoan» eman ziola azaldu zuen Casasek fiskalaren galderei erantzunez. Azkenean, behera begira jartzea eta eskuburdinak jartzea lortu zutela kontatu zuen.
Egoera hartan indarra «proportzioan» erabili zutela, eta «lesioa eragin gabe min egiten duen» polizia teknikak erabili zituela gaineratu zuen Escamillak. Baina Portuk lesioak zituen hurrengo egunean erietxera eraman zutenean. Guardia zibilek, berriz, ez zuten lesiorik izan, azaldu zutenez, babeserako txalekoan jaso baitzituzten Porturen kolpeak.
Casasen arabera, Portu patrol batera sartu zuten, eta orduan konturatu zen Sarasola han zeukatela ordurako. Sergio Garcia Andrade guardia zibilak kontatu zuen berak eskatu ziola nortasun agiria Sarasolari, eta motxila erakusteko esan zionean, Portuk egin zuela kontatu zuten gisara, ihesari eman ziola -Portu maldan gora eta Sarasola behera-. Bera eta beste agente bat joan ziren haren bila, kontaketaren arabera. Besotik heldu eta lurrera botatzen saiatu ziren, eta hark indarrez erantzun zien. Lurrean eskuburdinak jartzea lortu zuten arte ez zen gelditu, eta gero ere jarrera berarekin jarraitu zuela azaldu zuen. Sarasolari zauririk edo urraturik ikusi zioten galdetuta, aurpegia eta begi ondoa «apur bat gorrituta» zeuzkala esan zuen Garciak. Hura atxilotzen aritu zen beste guardia zibilak, Domingo Pradak, ez zuen halakorik ikusi; baina bai Sarasola Intxaurrondotik Lesakara miaketara eraman zuten Carlos Diezek eta Cesar Lopezek: «More kolore argia zuen begi ondoan». Sarasolaren begi morea zartako batek egindakoa dela dio auzitegi medikuak.
Ibilgailu berean, aurrena
Behin eskuburdinak jarrita, bi atxilotuak «lasaitzeko» patrol bakarrean utzi, eta motxilak arakatzera joan zen Casas, auzitegian eman zuten bertsioaren arabera.Hamar bat minutu beranduago motxila batean bi pistola eta munizioa topatu zituenean erabaki zuen haiek inkomunikatzea, eta ibilgailu kamuflatu banatan sartu zituzten. «Beraientzat erosoago da, eta diskretuagoa».
Portu eta Sarasola ibilgailu berberean sartu zituztela entzuteak harridura sortu zuen galdezka ari zitzaion fiskalarengan: «Ustezko bi etakide auto berean sartu zenituzten, besteak beste kantaldia prestatzeko aukera emanez? [esan beharreko gezurra aurretik prestatzeari deitzen diote kantaldia] », galdetu zion, eta hark «nik ez nekien ETAkoak zirenik» erantzun zion. Izan ere, Guardia Zibilaren defentsen eta Estatuaren abokatuaren argudioa da ez zela torturarik egon, eta etakideek beti salatzen dituztela torturak, aurretik kantaldia prestatuta. Elkarrekin eduki zituztela adierazi zuten atzoko epaiketan, esan beharrekoa adostu zezaketela iradokiz. Izan ere, Fernando Grande-Marlaska epaileak espetxeratze autoan jasota utzi zuen bi atxilotuak inkomunikatuta egon ziren arren, eta elkarrekin hitz egiteko aukerarik izan ez zuten arren, oso bertsio antzekoa eman zutela.
Portu eta Sarasola inkomunikatu zituenean arduradunei deitu zien Casasek, eta haiek zuzenean Intxaurrondora joateko agindu zienez, halaxe egin zutela kontatu zuen. Eta une bakar batean ere ez zirela inongo mendi edo erreka bazterretan egon. Azaldu zutenez, bidean ez zituzten jo, eta gehienek ez zieten inolako marka edo lesio arrastorik ikusi, ezta arnasketa arazorik nabaritu ere.
Deklaratu zuten gainerako guardia zibilek atxilotuen trasladoetan hartu zuten parte, Arrasatetik Intxaurrondorako bidean, handik Lesakara, miaketetatik auzitegi medikuarengana, eta handik, Portu erietxera eta Sarasola Madrilera. Portuk eta Sarasolak kontrakoa dioten arren, ibilgailuetan une bakar batean ere ez zituztela jo eta burua ez zietela estali azaldu zuten akusatuek. Bietako inor inongo minetik ez zela kexatu ere azaldu zuten. Bakarrik Portuk esertzeko baimena eskatu zuela miaketan, eta eman egin ziotela.
Gipuzkoako fiskal nagusiari eta beraien defentsen galderei erantzunez osatu zuten kontakizuna hamabost guardia zibilek. Akusazio partikularraren galderei ez erantzutea erabaki zuten, eta guardia zibilen defentsan ari den Estatuaren abokatuak saio osoan galdera bakar bat ere ez zuen egin. Hiru guardia zibilek ez zuten hitzik hartu, defentsek ere ez baitzieten galderarik egin.
Igor Portu
Donostiako erietxean egin zioten osasun txosteneko pasarteak:ORAINGO GAITZA
Poliziak ekarritakoa, atxilotu ondoren lesioak aztertzeko. Adierazi du jo egin dutela, ukabilka eta ostikoka, aurpegian, bularraldean, sabelaldean eta beheko gorputz adarretan. Adierazi du min handia duela bularraldean bi aldeetan, disnea, disfoniarekin eta lepo aldeko, gerri eta sakroko minarekin. Ez du galdu konortea. Adierazi du gernu iluna atera zaiola.
AZTERKETA OROKORRA
Oinez iritsi da. (...) Hematoma ezker begiaren inguruan, konjuntiba azpiko odoljarioa. Bizkarrezurreko perkusio mingarria, luzatzeko ezina.
Bularraldea. «Larruazalpeko krepitazioa aurreko eta atzeko bularralde guztian. Hematoma hasi berriak saihets aldean, bi aldeetan».
Sabelaldea. «Oro har haztatzean, minak eragindako defentsa erantzuna. Larruazalpeko krepitazioa bi hipokondrioetan».
Beheko gorputz adarrak. «Belaun eta orkatila egonkorrak, hematoma, higadura eta urradura ugarirekin».
PROBA OSAGARRIAK
Bularraldea. 9. saihets hezurra, hautsirik. Ezkerreko pneumotorax handia. Lurrazalpeko enfisema. Ezkerreko pleurako isuria.
Bizkarrezurreko ornoa. Larruazalpeko enfisema dauka aurrean eta atzean, eta plano sakonak. Lordosi fisiologikoaren inbertsioa.
OTA. Bularraldean ikusten da pneumomediastino handi bat eta ezkerreko pneumotoraxa, ezkerreko birikaren bi gingilen kolapso pasiboa. Haustura saihets arkuaren atzealdean, ezkerreko 9. saihetshezurrean. Inguru horretan, ezkerreko goi gingilean,birika-kontusio alde txiki bat ikusten da.
Deigarria da larruazalpeko enfisema handi bat dagoelaornoetatik pelbis alderaino.
DIAGNOSTIKOA
Polikontusioak
Ezkerreko 9. saihets arkuaren haustura
Biriketako kontusioa
Hemopneumotoraxa eta larruazalpeko enfisema handi bat ornoetatik pelbiseraino».
Mattin Sarasola
El País egunkariak publikatu zuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko auzitegiko medikuak Mattin Sarasola ikusi ostean egindako txostena. Txostenaren zati bat bakarrik argitaratu zutela salatu zuen TAT Torturaren Aurkako Taldeak.Belarria. «Hematoma arbitrarioa du eskuinaldean, ekimosia eskuineko belarri hegalean eta belarri atzealdean».
Besoak. «Eskuineko besoan hematoma zirkular bat ageri du, lau bat zentimetroko diametrokoa. Ezkerreko besoan, kanpoko aldean, kontusio edo makatu bat ageri du, sei bider lau zentimetroko diametrokoa, eta alboan beste lau makatu puntutxo ubel-urdinxka ditu».
Izterra. «Urradura-makatua, deltoidearen inguruan, ubel-urdinxka kolorea».
Bularra. «Eskuineko hemitoraxaren kanpoaldean eta titiburu oinaren kanpoaldean hematoma ubel kolorea ageri du, hamaika bider sei zentimetrokoa».
Saihetsaldea. «Ezkerreko saihetsean hainbat makatu puntu ageri ditu, antzeko ezaugarri kromatikoak dituztenak».
Portuk eta Sarasolak gaur deklaratuko dute, lekuko gisa
Asteazkena bitarte guardia zibilek deklaratzea aurreikusten zuten arren, atzo goizeko saioarekin nahikoa izan zuten. Beraz, Portu eta Sarasola gaur eramango dituzte deklaratzera. Gainerako lekukoek ere bihar deklaratuko dute, eta azteazkenean perituen txanda izango da. Ostegunean amaitzea espero dute.Elkarretaratzera deitu dute gaurko Lesakan
Larunbaterako Donostian iragarritako manifestazioaz gain, beste hainbat elkarretaratze iragarri dituzte egunotan.Atzo, Igor Portu eta Mattin Sarasola atxilotutako lekuan bertan egin zuten torturaren aurkako kontzentrazioa; Arrasaten, hain zuzen ere. Burua estalita egin zuten, poltsaren tortura metodoa irudikatuz, eta, aldi berean, larunbateko manifestaziora deialdia eginez.
Gaur hasiko dira Portu eta Sarasola Donostian deklaratzen, 09:30etik aurrera. Horren harira,LAB sindikatuak mobilizaziorako deia egin du. Sindikatuak elkarretaratzea egingo du gaur Lesakan, herriko plazan, 12:00etan; Ainhoa Etxaide idazkari nagusia ere bertan izango da.
Twitter bidez segitu ahal izango dira auzi saioak
Igor Portu eta Mattin Sarasolaren deklarazioak jarraitu ahal izango dira gaur BERRIAn Twitter, bidez, berria.info webgunera sartuta. Atzo guardia zibilen adierazpenak segitu ahal izan ziren. Ostiralean amaitzea aurreikusita bazegoen ere, arin doa epaiketa, eta baliteke amaiera aurreratzea.Arartekoak duen jarrera salatu dute Iruñean
Azken sarekadan atxilotutako gazteen senideak ezin izan dira Nafarroako Arateko Javier Enerizekin bildu; Enerizek bilkurara bi ordezkari bidali baititu.Enerizekin biltzeko beste eskaera bat egin dute. «Arartekoaren zeregina torturaren inguruan entzungor egin eta torturatzaileei inpunitatea ematea besterik ez da», esan dute senideek. Adierazi dutenez, hala jokatu du tortura arriskua salatzeko berarekin bildu nahi izan duten bakoitzean; 2008. urtean, kasu. «Igor Portu hilzorian egon arren, uko egin zion haren senideekin eta Bortziri eta Malerrekako hautetsiekin hitz egiteari». Era berean, larunbateko Donostiako manifestazioan parte hartzeko deia egin dute.