Mikel Zabalzaren auzian oinarrituta, Euskal Herrian torturak izan duen eraginari buruzko dokumentala ari dira egiten. Galdutako objektuak izena du, eta Filmotek eta Ahotsa.info-k zuzenduko dute.
Zabalza auzia gertutik ezagutu duten adituak elkarrizketatu dituzte: Zabalzaren senideak, Iñigo Iruin abokatua eta harekin batera atxilo hartu zituzten hainbat. Horiekin batera, torturari buruz jardun dute, besteak beste, Paco Etxeberria forentsearekin eta Theo Van Boven nazioarteko kontalariarekin.
Lana aurrera eramateko, 15.000 euro bildu nahi dituzte datozen berrogei egunetan. Horri buruzko informazio guztia Verkami plataforman, proiektuaren webgunean eta www.mikelzabalza.eus atarian jarri dute irakurgai.
Hainbat hitzordu azaroan
Bihar Donostiako Bakearen Etxean aurkeztuko dute proiektua. Eta ondorengo egunetan hainbat aurkezpen ekitaldi antolatu dituzte Euskal Herrian eta bertatik kanpo —Madrilen eta Bartzelonan aurkezpen bana egingo dute—. Esate baterako, azaroaren 26ean Paco Etxeberria forentsea, Iñigo Iruin abokatua eta Mariano Ferrer kazetaria mahai inguru batean bilduko dituzte Donostian.