Atxilotua etengabe grabatua izatea Araba, Bizkaia,Gipuzkoa eta Nafarroa osoak egindako eskaria dela aipatu du Ezenarrok, goizean Donostian egindako prentsaurrekoan. Gaineratu du Roquetas de Marren (Espainia) gertatutakoak “alarma piztu” duela gizartean, baina Euskal Herrian betidanik egon dela torturen beldurra.
Bestetik, aipatu du aurkeztutako proposamenak bat egiten duela Amnesty Internationalek eta torturen aurkako taldeek historikoki egindako eskariekin, inbestidura saioan Eusko Jaurlaritzako hirukoari ezarritako gutxiengoekin, eta EAEko Arartekoak 2003an egindako gomendioekin—gune beltzetan kamerak jartzea, kasu—.
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gomendio horiek bere egin zituela, baina, oraindik praktikan jarri ez izana salatu du Ezenarrok prentsaurrekoan.
torturak
“Torturen aurkako bermea” izango litzateken lege proposamena aurkeztuko du Aralarrek
“Atxiloturik dagoen pertsona oro eten barik grabaturik izango da, poliziaren egoitzan sartzen denetik epailearen aurrera eroan edo libre utzia izan arte. Guardiako epaileak uneoro izango du grabazio hori ikusteko aukera. Atxiloturiko pertsonaren grabazioa atxiloketa egiteko izan diren Zigor Eginbideen parte izango da” . Prozedura kriminaleko Legearen 489. artikuluari gehitu nahi dio aipatu ahapaldia Aralarrek. Hango bozeramaile Aintzane Ezenarrok azaldu duenez lege aldaketaren proposamena Nafarroako eta EAEko Legebiltzarrean aurkeztuko dute. Bi horiek lege ekimenaren eskubidea dute, eta onartuz gero proposamena Espainiako Kongresura igaroko litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu