Tortura eta tratu txarrez mintzatzeko bilera egin dute gaur goizean Iñigo Urkullu lehendakariak eta AI Amnesty Internationaleko Espainiako presidente Esteban Beltranek, lehendakaritzan. AIko buruak Euskal Autonomia Erkidegoan izandako tortura kasuen inguruko txostena aurkeztu dio lehendakariari. Txosten horretan, AIk tortura salaketak ez ikertzea egotzi dio Espainiako Gobernuari. Halaber, tortura eta tratu txarrak pairatu dituzten biktimei ordaina emateko Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako neurriak "oztopatzea" leporatu dio. Zehazki, dokumentuak aipamen egiten dio Eusko Jaurlaritzaren Poliziaren Biktimen legearen aurka Madrilek jarritako helegiteari —lege horren aurkako helegitea jarri zuen Mariano Rajoy Espainiako gobernuburuak Espainiako Auzitegi Konstituzionalean—. AIren ustez, lege horrek babes juridikoa du nazioarteko legedian, eta kritikatu du torturaren biktimen aitortzari bizkarra emateak "zigorgabetasuna" bermatzen duela.
AIk hainbat eskakizun egin dizkie Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari tortura eta tratu txarren biktimen aldeko neurriak sustatu ditzaten. Batetik, Espainiari galdegin dio ez ditzala "oztopatu" erkidegoetako gobernuek "egia, justizia eta ordaina" bermatzeko abiatutako neurriak. Bestetik, Madrili eta Jaurlaritzari eskatu die ETAren aurkako borrokaren testuinguruan torturak eragindako saminari "aitortza publikoa" egin diezaioten. Torturaren erabilerari buruzko datu "zehatzak" biltzeko eta torturaren biktimek ordaina jasoko dutela bermatzeko eskatu die, halaber.