Eli Agirretxeren semeak 6 urte ditu, eta duela urtebete atzeman zioten sindromea. Diagnostiko goiztiarraren garrantzia nabarmendu du. "Psikologikoki funtsezkoa da diagnostiko goiztiarra, zer duen jakinda ez diozu esaten keinu horiek ez egiteko. Hori esatean ezinegon handiagoa sortzen zaio gaixoari, ezin baitu kontrolatu. Gainera, eskolan ere heziketa horretara egokitzen dute".
Egunkaria irakurtzen ari zela jakin zuen Guillermo Cannasek Touretteren sindromea zuela. Gaizki pasa duen arren, aurrera atera da. Egun publikoari begira egiten du lan: arrandegi batean. Mezu baikorra eman du. "Oraindik ere jendeak begiratu egiten zaitu, baina errealitate horrekin bizitzen ikasten duzu".
Alabaren kasuaren berri eman du Marciano Gutierrezek. Gaitzaren aldaerarik larriena du: koprokalia edo hitz zatarrak esatea. "Botika ugari hartzen ditu, eta askotan kosta egiten zaio elkarrizketa bat jarraitzea".