Tourreko euskal esatariak

Paue-Baiona etapan Andde Sabin ariko da euskaraz esatari. Aurrez, Arritxu Iribarrek eta Pantxo Hirigaraik izan dute zeregin hori.

2003ko uztailaren 12a
00:41
Entzun
Eneko Bidegain - BAIONA

A ndde Sabin ilusioz beterik dago. Frantziako Tourreko Paue-Baiona etapan, euskarazko aurkezle lanetan ezarriko dute, uztailaren 23an, asteazkenarekin. Hogei minututik behin mintzatuko da, sailkapenaren berri emateko. «Gogotik eginen dut lan hori. Izugarri kontent naiz». Esperientzia horren bizitzeak poz handia sortu dio. Ez bakarrik aurkezle ardura eman diotelako, baina baita milaka lagunek bezala berak ere amesten duena bizi izanen duelako ere: podiumaren ondoan, txirrindularien ondoan, antolatzaileekin, hurbil-hurbiletik bizi izanen du Frantziako Tourreko etapa bat. Arritxu Iribarrentzat ere «oso esperientzia ona izan zen» 1992an Tourreko esatari izatea.

Baionako Herriko Etxeko langile Andde Sabinek eman dioten lana serioski hartu du. Sud Ouest egunkariarentzat pilotaz, indar jokoez eta errubiaz idazten badu ere, oraindik ez zaio gertatu txirrindularitza komentatzea. Haatik, haur denboratik du gustuko, eta betidanik jarraitzen ditu txirrindularien joan-etorriak. Oraingoan, zale izatetik urrats bat gehiago eginen du. Hori ongi prestatu nahi du. Dakien gauza bakarra da hogei minututik behin mintzatu beharko duela, zein heldu den aitzinean komentatzeko. «Nahi nuke Daniel Mangeas aurkezle nagusiarekin bildu lehenago, dena ongi antolatzeko».

«Arrazoi duzu», erantzun dio Pantxo Hirigaraik. Irulegiko Irratiko kazetari eta animatzaileak 1996an aurkeztu zuen Tourra, Hendaian. «Garrantzitsua da aitzinetik prestatzea. 1996an ez zen aitzinetik ezer prestaturik». Hirigarai Hendaiara iritsi eta segidan hasi zen aurkezle lanetan, mikro aitzinean.

Etapa baten heltzea eta ondokoaren abiatzea komentatu zituen. Lehen etapak halako gose zerbait utzi zion. Baldintzak ez ziren hoberenak. «Motoetako irudi hartzaileak greban ziren egun hartan. Irudi guztiak helikopterotik heldu ziren. Ez zen erraza komentarioen egitea». Ez zioten denbora biziki utzi, funtsean, euskaraz mintzatzeko. «Hiru aldiz hartu nuen hitza. Aldi batez nahiko luzaz, eta bi aldiz denbora laburrez. Gogoan dut aldi batez mikroa kendu nahi izan zidatela. Mintzalari ofiziala zen gehienik mintzo».

Biharamunean, etaparen abiatzean, denbora gehixeago utzi zioten. Txirrindularien izenen aurkeztean, Hirigaraik elkarrizketak egin zizkien Euskal Herriko txirrindulariei. Euskara frantsesa baino «askoz gutxiago» entzun zen etapa hartan.

Euskarak Hendaian baino leku gehiago Donostian

Ez zen gauza bera 1992an, Donostian. Orduan Arritxu Iribar ezarri zuten esatari. «Euskarari eman zitzaion lehentasuna», gogoan du Iribarrek. «Tourreko esatariek oso argi zeukaten euskarak zuela lehentasuna». Gaur egungo arduradun berak ziren orduan ere, Euskadi Irratiko kazetariak Berriari zehaztu dionez. Frantsesak eta gaztelaniak euskarak baino leku txikiagoa zeukaten, Tourra Donostiatik abiatu zen urtean.

Tourraren abiatzearen bezperan, aurkezpen ekitaldia animatu zuen, pare bat orduz. Biharamunean erlojupeko etaparen animatzaile nagusia izan zen, lau orenez. Igandean, berriz, bigarren etaparen abiada komentatu zuen. Esatarien artean bilera bat izan zuten lehen egunaren bezperan. Antolatzaileek ekitaldien nondik norakoak azaldu zizkieten.

Tourraren Donostiako antolatzaileek galdegin zioten ea prest zegoen euskarazko aurkezle lanetan aritzeko. Hilabete pare bat lehenago abisatu zuten. Tourraren antolatzaileekin harreman ona zeukan. Hasieran, «harritu ziren esataria emaztea izateagatik». Baina, ororen buru, bukaeran «zorionak» eman zizkioten. Arritxu Iribarrek ondoko urtean Tour guztia jarraitu zuen, kazetari gisa.

Hamaika urte iragan dira geroztik. Eta Baiona ez da Donostia. Euskara entzunen da, baina ez Donostian bezainbat. Eztabaida biziak sortu ditu, gainera, euskararen lekuak. «Tristura handia eman dit oraindik ere euskarari buruz eztabaidatu beharrak», adierazi du Arritxu Iribarrek. «Horrek esan nahi du gure herria egoera kaskarrean dagoela. Lehen hizkuntza euskarak izan behar du. Horrek ez luke eztabaidarik sortu behar. Atzera goaz. Normaltasunetik oso urrun gaude». Termometroa Baionako Paulmy etorbidean izanen da, uztailaren 23an.

 

Hasierako xedeak bete direla dio Batasunak

«Hasieran jarritako helburuak bete egin dira: euskararen presentzia bermatzea Frantziako Tourra Euskal Herritik zehar pasatzen denean. Euskal Herriaren berri nazioartean eman eta zabaltzeko eskaera beteko delakoan gaude». Halaxe laburbildu du Batasunak Baionako etapa amaieran euskararen presentzia bermatzeko lortu den akordioa. Lortutakoa, hala ere, ez dela nahikoa gehitu du, eta funtsezkoa gertatu dela Batasunak eta EHEk ekimena hartu izana. Batasunak azpimarratu egin ditu EHEren eta Euskaltzaindiaren lana: «Agerian geratu da Eusko Jaurlaritzak ez duela ezer egiteko ez borondaterik ez aukerarik izan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.