Kazetari, argazkilari eta kamerari ugari batu zen atzo Bilbon, Nazioarteko Harreman Taldeak eman zuen prentsaurrekoan. Ingelesez mintzatu ziren Brian Currin eta Nuala O'Loan, alboan haien hitzak gaztelaniara bihurtzen zituen itzultzailea zutela. Megafonia ez zebilen ongi, eta horregatik eta hizlariek hitz egiten zuten uneak kamerariek argazkiak ateratzeko eta hainbat kazetarik elkarrekin hitz egiteko aprobetxatzen zituztelako, ia ezinezkoa egin zen Currinen eta O'Loanen hitzak entzutea. Itzultzaileari errespetu handiagoa erakutsi zioten argazkilariek eta kazetariek.
Nazioarteko Harreman Taldeak sosak nondik ateratzen dituen jakin nahi zuen kazetari bat behin eta berriro aritu zen Currin eta O'Loan mintzo ziren uneetan, «nik hori jakin nahi dut» esanez behin eta berriz. Prentsaurrekoaren amaieran ez zuen galderarik egin.
Baina interesgarria litzateke jakitea nortzuek eta zergatik ez duten finantzatzen, duela egun batzuk EAko idazkari nagusi Pello Urizarrek BERRIAri adierazi zionez, Espainiako Gobernuak estu hartuta finantzabide batzuk galdu baititu harreman taldeak.
Hedabideen gezurrak
Diru iturri batzuk galtzea, ordea, ez da traba gaindiezina izan harreman taldeak lanari ekin diezaion. Traba bakarra ere ez da izan.
Atzoko agerraldia hasi bezain laster, Brian Currinek Espainiako hedabide batean herenegun agertutako berri baten aipua egin zuen. La Razón egunkariak argitaratutakoaren arabera, Bruselako Adierazpena izenpetu zuten bi sinatzailek babesa kendu ei diote adierazpen horri: Irlandako lehen ministro ohi Mary Robinsonek eta Hegoafrikako lehendakari ohi eta Bakearen Nobel saridun Frederik W.de Klerkek. «Informazio horretan ez dago egiazko ezer», esan zuen abokatu hegoafrikarrak, zeina Bruselako Adierazpenaren bultzatzaile ere baden. «Kazetariok, gonbidatzen zaituztet bi pertsona horiekin zuzenean harremanetan jar zaitezten, haiek esango dizuete-eta lehen eskutik berri horrek ez duela funtsik», esan zuen Currinek.
Londresko Parlamenturaino
Brian Currinek euskal gatazkaz hitz egin behar du gaur Erresuma Batuko Legebiltzarrean. APPGCI Gatazka Gaietarako Alderdi Askotariko Legebiltzar Taldeak gonbidaturik, Euskal gatazka. Bakea, azkenean...? izenburua duen hitzaldia emango du abokatu hegoafrikarrak. Iragan astean agertu zen hitzaldiari buruzko iragarpena APPGCIren webgunean. Egunotan, berri agentzi espainiarrek esan dutenez, Espainiako Gobernuak esku hartu du eta antolatzaileekin hitz egin du, hitzaldian Currinen ahotsaz gain «beste ikuspegi bat» emango dutenena ere entzun dadin. Atzo arratsaldean hitzaldiaren iragarkian, Askatasunerako Fundazioko Guillermo Barredok ere hitza hartuko duela agertu zen. Currinen egitekoa «desegokia» dela salatu izan du Barredok, bere ustezETAri «arnasa ematen» diolako erakundea «azken hondamenaren fasean» sarturik dagoen unean.
Traben gainetik edo zeharka
Bake eta normalizazio bidea luzea eta trabaz betea izango dela esan izan da. Nazioarteko Harreman Taldea ere ari da bidean oztopoak aurkitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu