Animaliak baliatuko ez dituzten bestak. Horixe eskatu zuten giza entzierroan parte hartu zuten kideek atzo Iruñean. PETA elkarteak antolatu du animalien eskubideen aldeko ekimena, laugarrenez, Iruñeko Denok Animaliak taldearen, eta Animaliak Babesten Aurrera! plataforman bat egiten duten beste hainbaten laguntzarekin. Nafarroako Ekologistak Martxan taldeak, halaber, bat egin zuen ekimenarekin
Iruñeko animalistek argi utzi nahi izan zuten ez dela bakarrik kanpotik ailegatzen zezenketen, entzierroaren, eta, oro har, sanferminetan animaliak baliatzen dituzten ekimenen kontrako iritzia. Iruñean ere badela halako ikuskizunen kontrako jenderik.Euren jarrera argi azaltzeko, sanferminetako arropa jantzi zuten atzoko entzierroan, eta sanferminetan korrikalariek egiten duten bezala, santuari abestu zioten. Egunkariak eskuan hartuta, babesaren ordez, tradizio berri bat eskatu zioten Denok Animaliak taldeko kideek San Fermini, entzierroa abiatu baino minutu gutxi batzuk lehenago. Babesa, zezenentzat eskatu zuten.
Giza entzierroaren ibilbidean elkarte guztietako kideek eta herritarrek bat egin zuten. 13:00etan hasi zen. Ordurako, entzierroaren ibilbidea lepo beteta zegoen. PETAk duela lau urte egin zuen ekimena lehenengo aldiz. Hamabost lagun inguruk parte hartu zuten. Iaz, 300 lagun egon ziren Iruñean. Atzo, 500dik gora. Lehen urtean bezala, irainak entzun behar izan zituzten parte-hartzaileek karrikan zain ziren lagunen ahotik. Herritar helduenen ahotik, batez ere. Beste askok, hala ere, txalo artean egin zieten harrera.
PETAko kideek zabaldu zuten atzo giza entzierroa, zezenketen kontrako pankartarekin. Erdi biluzik atera ziren elkarte horretako kideak, ohi duten bezala. Haien atzetik, gainontzeko elkarteetakoak jarri ziren. Denok Animaliak taldeko kideek pankarta batean jarri zuten, halaber, atzo zabaldu nahi izan zuten mezua: Guk, nafarrok, animaliarik gabeko bestak nahi ditugu. Pankarta horrek zer erran asko piztu zuen entzierroaren zain ziren iruindarren artean. «Nafarrak dira!», erraten zuen jende askok, pankarta irakurri ondoren. Giza entzierroaren kontra egiteko Iruñean gehien baliatzen den argudioa indarrik gabe utzi zuen pankarta horrek, Denok Animaliak taldeko kideen aburuz. «Bertako jendea ere badago animaliak baliatzen dituzten ikuskizunen kontra», azaldu zuen taldeko presidente Samuel Guerrerok.
Zezen plazan amaitu zen giza entzierroa, eta han, sanferminetan baliatzen dituzten animalia guztien eskubideak gogorarazi zituen Guerrerok. «Bizitzeko eta aske izateko eskubidea dute; ez dira guri mesede egiteko jaio».
Animalien aldeko ibilaldia
Atzoko giza entzierroak Animaliak Babesten Aurrera! ekimenari eman zion hasiera. Animalien eskubideen aldeko ibilaldia antolatu dute izen horren atzean dauden talde animalistek. Giza entzierroaren bidez, animaliak gizakiak entretenitzeko erabiltzen direla salatu nahi izan dute. Ibilbidean eginen dituzten gainontzeko ekitaldien bidez, halaber, animaliak janzteko, elikatzeko eta laborategietan saioak egiteko erabiltzen direla salatuko dute. Burgos eta Leon artean izanen da ibilaldia, Espainian. Handik Santiagora abiatuko dira parte-hartzaileak, Galiziara, ibilaldiari amaiera emateko.
Tradizio berri baten bila
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu