Trafiko lege berriak arauak zorroztu eta isun gehiago jaso ditu

Espainiako Kongresuak onartu berri du erreforma. Aldaketak izango dira errepide arruntetako aurreratzeetan eta telefonoen zein radar detektagailuen erabileran.

Pertsona bat patinete elektrikoan, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO/ FOKU
unai etxenausia
2021eko irailaren 30a
17:28
Entzun

Espainiako Diputatuen Kongresuak zirkulazio arauen erreforma onartu berri du: azken oniritzia eman dio Trafikoaren, Zirkulazioaren eta Bide Segurtasunaren Legeari. Erreformaren xede nagusia da puntuak kentzen dituzten arau hausteak berrikustea, legea gaur egungo gidatze eta zirkulazio eredura moldatzea, eta zigorrak bete ondoren puntuen hasierako saldoa berreskuratzeko igaro behar den epea bi urtean ezartzea. Oro har, arauak zorroztu ditu, eta isun gehiago jartzea aurreikusi du erreformak, batez ere sakelako telefonoen, radar detektagailuen edo patineteen erabilerari dagokionez.

Aldaketa deigarrienetako bat da errepide arruntetan gertatuko da: autoek eta motozikletek, beste ibilgailu bat aurreratzean, ezin izango dute berezko abiadura orduko hogei kilometro baino gehiago handitu. Hala, lege berriak bat egingo du Europako Batasunean errepide arruntetan dauden abiadura mugen araudiarekin.

Telefonoaren erabilerekin zerikusia daukan artikuluan ere egin dituzte aldaketak. Sakelakoa eskuan izanez gero, orain arte bezala gidabaimeneko hiru puntu kendu beharrean, sei puntu kenduko dituzte legea indarrean jartzen denean. Bestalde, gidaria telefonoa erabiltzen ari bada baina eskuetan ez badauka, 200 euroko isuna jarri eta hiru puntu kenduko dizkiote.

Orain arte zigortuta zegoen radarren detektagailuak erabiltzea, baita ibilgailuan inhibizio sistemak erabiltzea eta edukitzea ere, radarren funtzionamendua oztopatzen dutelako. Gailu horiek erabiltzen dituzten gidariek 500 euroko isuna ordaindu beharko dute, eta gidabaimenean hiru puntu galduko dituzte; eta erreforma indarrean jartzean, ibilgailuaren barruan radar mugikorreko detektagailu bat eramatea bera ere zigortu ahal izango da, nahiz eta itzalita eduki.

Indarrean sartuko den beste arau batek zerikusia du patinete elektrikoekin eta antzeko ibilgailuekin: nahitaez kaskoa erabili beharko da, salbuespenik gabe. Gainera, ibilgailu horietako bat erabiltzen den bitartean ezin izango da entzungailurik eraman, ezta telefonoa erabili ere. Erabiltzaileek 200 eurorainoko isunei aurre egin beharko diete arau hori betetzen ez badute.

Puntuak berreskuratzea

Orain arte, galdutako puntuak berreskuratzeko, gidariek bi urte behar izaten zituzten arau haustea larria bazen, eta hiru urtekoa arau hauste oso larria bazen. Erreformarekin, bi urtekoa izango da beti.

Lege berria BOEn argitaratu eta hiru hilabetera jarriko da indarrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.