AZPIEGITURAK

Trafikoa hirukoiztu egin da A-8aren Gipuzkoako zati gehienetan, 1980tik

Boskoiztu egin da Donostia eta Pasaia arteko zatian, eta ia boskoiztu Pasaia eta Oiartzun artekoan

jakes goikoetxea
DONOSTIA
2005eko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Egunero A-8 autobidearen Gipuzkoako zatia erabiltzen duten ibilgailuen kopurua hirukoiztu egin da zati gehienetan, eta zenbaitetan baita boskoiztu eta laukoiztu ere bai, 2003ko datuak 1980koekin alderatuz gero. Boskoiztu egin da Donostia eta Pasaia arteko zatian; ia boskoiztu Pasaia eta Oiartzun artekoan; laukoiztu Oiartzun-Irun eta Behobiako zatietan; eta hirukoiztu, berriz, Ermua eta Zarautz arteko zati guztietan. 1980z geroztik egindako A-8 autobidearen zenbait zatitatik egunero pasatzen den ibilgailu kopurua ere oso handia da. 2003ko datuen arabera, batez beste 109.711 ibilgailu pasa ziren egunero Intxaurrondotik, eta 106.499 Aietetik. A-8a erabiltzen duten ibilgailuen kopurua %13,01 hazi zen iaz, 2003. urtearekin alderatuz gero.

Ondorioz, A-8 autobidea handitzea da Bidegi eta Bidelanen helburu nagusietako bat. Bidegi Gipuzkoako Diputazioaren Azpiegituren Agentzia publikoa da, eta Bidelan, berriz, Gipuzkoako Diputazioak kontratatu zuen enpresa, 2003ko ekainaren 6tik aurrera A-8aren ustiaketaz eta mantenimenduaz arduratzeko (oraingoz Eibar-Gasteiz arteko AP-1 autobidearen Gipuzkoako zatien ardura ere badu).

Hiru errei eta Donostiako ingurabidea

Nestor Arana Bidegiko zuzendari nagusiak bi arrazoi nagusi aipatu zituen A-8a erabiltzen duten ibilgailuen kopuruaren hazkundea azaltzeko, atzo,A-8 eta AP-1 autobideen iazko balantzea eta etorkizuneko egitasmoak aurkeztean: alde batetik, ibilgailuen kopurua etengabe hazi dela eta, bestetik, Gipuzkoako Diputazioak bidesariak merkatzea.«Leku batzuetan bi errei ez dira nahikoak norabide bakoitzerako eta bi erreitik hirura pasako gara Irungo Landetxatik Maltzagaraino», azpimarratu zuen Nestor Aranak.

Erreiak gehitzeaz gain, Donostiaren bigarren ingurabidea da Bidegiren proiektu nagusia: Oiartzun eta Aritzeta lotuko ditu, Loiolatik eta Lasarte-Oriatik pasata. Proiektuak 300 milioi euroko aurrekontua du eta udan hasiko dira obrak.Nestor Aranak Bidegik eta Bidelanek 2003ko ekainaren 6tik orain arte egindako lanaren oinarria zehaztu zuen, hau da, A-8 autobidearen kudeaketa Europistasen eskutik Gipuzkoako Diputaziorena pasa zenetik aurrera. Beren ahalegin gehienak A-8a berritzen eta egokitzen xahutu dituztela azpimarratu zuen: «A-8 autobideak zaharberritze azkarra behar zuen, ia-ia autobide berria egitea zaharraren gainean: duela 30 urteko azpiegitura baita, orduko irizpideen arabera eraikia eta urteotan oso gastatua». Bidegik eta Bidelanek iaz 53,2 milioi euro gastatu zituzten A-8 eta AP-1 autobideetan eta aurten 166,5 milioi euro gastatzea aurreikusi dute.Eibar eta Gasteiz lotuko dituen AP-1 autobidearen Gipuzkoako zatiari dagokionez, Bidegik aurten zabaldu nahi du Bergara hegoaldea-Arrasate zatia.

-

ORDAINKETA SISTEMAK



 

Apirilerako, Via T gailuek TAGak ordezkatuko dituzte





A-8 autobidearen 20.000 erabiltzailek badute jada ordainlekuetan geratu gabe pasa eta ordaintzeko gailu berria: Via T-a. Eta martxoaren bukaerarako TAG gailu zaharren erabiltzaile guztiek izatea nahi dute Bidegik eta Bidelanek.Via T-a aurrezki kutxetan eta bankuetan eskura daiteke. Hori bai, Gipuzkoa Donostia Kutxaren, Lankide Kutxaren edo Banco Guipuzcoanoren bulegoetan eskuratuz gero, erosleak beherapena izango du.Via T gailuak beste abantailabat izango du, beste hainbat autobidetan erabil baitaiteke, bai Euskal Herrian, bai Euskal Herritik kanpo: Bilbo-Zaragozan, Zaragoza-Bartzelonan, Armiñon-Burgosen, Madril inguratzen duen autobidean eta Galiziako eta Andaluziako hainbat autobidetan. A-8an bezala, Via T-a aurreko kristaleanitsatsita duen ibilgailua ordainlekutik pasatzean, hesia igo egingo da eta erabiltzaileari kontu korrontetik kobratuko diote gastua.Bidelaneko eta Bidegiko arduradunek zehaztu zutenez, Via T-arekin hesia azkarrago altxatzen da, baina Via T gailuak dagokion lekuan itsatsita egon behar du, eta ezin da mugitu (TAGen erabiltzaileen %10ek ez daukate gailua aurreko kristalean itsatsita).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.