Trafikoak ateratzen duen zarata gutxitzeko ekintza plana bideratuko du Bilboko Udalak

Maite Asensio Lozano.
2008ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
«Ez dugu sortu nahi itxaropen faltsurik: zarata ez da desagertuko». Edozein neurri hartzen dela ere, autorik dagoen bitartean zarata izango dela esan zuen atzo Julia Madrazo Bilboko Udaleko Hirigintza eta Ingurumen sailburuak. Izan ere, Bilboko Zarataren Maparen arabera, hiriburuko biztanleen %3k zarata gehiegi dute etxe barruan egun guztian, eta %14k gauean, trafikoaren ondorioz batez ere. Hain zuzen ere mapa horrek emandako datuak oinarri hartuta, zarata ahal den neurrian murrizteko ekintza plan «errealista» bat landuko dutela iragarri du Madrazok. Bederatzi hilabete barru aurkeztuko dute.

Abando, Deustua eta Errekalde dira Bilbon zarata gehien duten barrutiak. Inguruan daude errepide zabalenak eta, beraz, trafiko gehien dutenak: Kale Nagusia, Hurtado Ametzaga kalea, Agirre Lehendakariaren eta Enekuri etorbideak, Gordoniz eta Autonomia kaleak... Bilboren tamaina eta jarduera kontuan hartuta, zarataren mapak agertutako datuak «onargarritzat» jo ditu Julia Madrazok, baina maila altuegiak dituzten tokietan jardun beharra nabarmendu du.

Zarataren gaineko ekintza planak, baina, ez luke trafikoaren zarata desagerraraziko: «Kontuan izan behar da zarata hiru dezibeletan murrizteko trafikoa erdira gutxitu behar dela». Hala ere, etxe barrura dezibel gutxiago hel daitezen hainbat neurri har ditzakete, hala nola eraikinak isolatzeko neurri eraginkorragoak bideratu, edota galtzada asfaltatzean, zarata gutxiago ateratzen duten materialak erabili. Halaber, toki isilak bere horretan mantentzeko neurriak ere hartuko dituzte.

Edonola ere, Bilboko zarataren azterketak datu positibo bat ekarri du: ez dago gehiegizko zaratarik eragiten duen industrialderik. Izan ere, industria jarduera ingurune gutxi batzuetara mugatzen da egun eta, oro har, etxebizitzetatik urrun daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.