TIROKETA NAFARROAN

Trafikoko bi guardia zibil hil dituzte Castejonen, metrailatuta

Trafiko arauren bat hautsi omen zuen Suzuki markako ibilgailu berde baten parean jarri zen guardia zibilen autoa, eta tiro egin zieten; gaizkile talde bat izan dela diote hipotesi gehienek

Erredakzioa
IRUÑEA
2004ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Trafikoko bi guardia zibil hil zituzten atzo Castejonen tiroz, metrailatuta. Gertakaria atzo 18:25ak aldera jazo zen, N-113 eta NA-134 errepideen arteko bidegurutzean, Castejonen (Nafarroa), herriaren sarrerako gasolina zerbitzugunetik gertu.

Ikerketa egiten ari diren iturriek atzo ezagutarazi zutenez, Suzuki markako noranahiko berde batek trafiko arauren bat hautsi omen zuen, eta haren atzetik abiatu ziren guardia zibilak, beren autoan. Bidegurutzean Suzukiaren parean jarri zen Guardia Zibilaren ibilgailua, eta, une horretan, barruan ziren lagunak edo lagunek tiro egin zuten. Antza denez, metrailadorea erabili zuten.Guardia zibiletako bat berehala zendu zen. Bestea suspertzen saiatu ziren tiroketa gertatu zen tokira joandako osasun zerbitzuetako kideak, baina ezin izan zuten deus egin. Hil egin zen. Ezbeharra gertatutako tokitik gertu lanean ari ziren hainbat lagun inor baino lehenago ailegatu ziren bi guardia zibilen ondora, eta haiek suspertzen saiatu ziren, alferrik. Autoaren barruan aurkitu zituzten lagunok bi guardia zibilak, tiroz josita. Autotik atera eta bide bazterrean utzi zituzten, haiek laguntzen saiatzeko.Guardia Zibilaren Calahorrako Trafiko Taldeko kide ziren Juan Antonio Palmero eta Jose Antonio Vidal, atzo eraildako bi guardia zibilak. 29 urte zituen lehenengoak; 31 besteak. Biak espainiarrak ziren: bat Asturiaskoa, eta bestea Cadizkoa.

Gaizkile arrunten hipotesia

Palmero eta Vidal Nafarroaren eta Errioxaren arteko mugatik gertu ziren. Tuterako Trafikoko Guardia Zibilaren beste auto bat txandakatzera zihoazen; haize-errotentzako palak garraiatzen zituen kamioi bat laguntzeko agindua zuten, Errioxan barrena. Lankideak txandakatzeko aukerarik ez zuten izan, ordea. Castejongo zerbitzugunetik gertu, beren autoaren parean zegoen Suzuki markako ibilgailu berde batetik tiro egin zieten. Guardia Zibilak hartu du bere gain ikerketaren ardura. Espainiako Barne Ministerioak ez zuen atzo hipotesirik baztertu nahi, baina Efe agentziak ikerketa iturriak aipatuz zabaldu zuenez, gaizkileen talde batek egin zuenaren hipotesiak indarra hartu zuen.

Espainiako Gobernuko Nafarroako ordezkari Vicente Ripa Castejonera joan zen gertatutakoaren berri jaso bezain pronto, eta, han egindako adierazpenetan, tiroketaren erantzule nor den ezin zela erran azpimarratu zuen: «ETA edo gaizkile arruntak izan ote diren ezin dugu erran, oraindik. Ezin dugu deus baieztatu, ezta deus ukatu ere», erran zuen. Nafarroako Gobernuko presidente Miguel Sanz eta Javier Caballero kontseilaria ere han izan zirenGuardia Zibilak ezagutarazi zuen Geco motako munizioa baliatu zutela tiro egin zuten lagunek. Munizio alemaniarra da, eta, antza denez, «erraz lor daitekeena». 30 bala-zorro inguru aurkitu zituzten tiroketa gertatu zen tokian, 45 milimetrokoak zenbait iturriren arabera.Suzuki berdean zihoazen lagunek Iruñerako bidea hartu zutela uste dute poliziek. Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak trafiko kontrol ugari jarri zituzten inguruko errepideetan eta Iruñeko sarreretan.

-

HIL KAPERA



 

Gorpuak Errioxara eramango dituzte gaur





Epaileak Castejonen zendutako bi guardia zibilen gorpuak altxatzeko agindua eman ondoren, Iruñera eraman zituzten, autopsia egin ziezaieten.

Nafarroako hiriburuko Institutu Anatomiko Forentsera eraman zituzten autopsia egitera, Nafarroako Ospitalera. Bi gorpuek balakada ugari zituzten.Gaueko 20:45ean altxatu zuten bigarren gorpua. Castejongo herritar ugari bildu zen inguruan, gertatutakoaren berri jaso bezain pronto.Autopsia egin ondoren, Errioxara eramanen dituzte gaur goizean Juan Antonio Palmero eta Jose Antonio Vidalen hilotzak.Errioxan, Calahorra herrian, Kultur Etxean jarriko dute bi guardia zibilen hil-kapera. Palmerok eta Vidalek hango Guardia Zibilaren Trafikoko Taldean egiten zuten lan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.