Espainiako Auzitegi Konstituzionalak tramitera onartu du Espainiako Gobernuaren helegitea, eta Nafarroako Parlamentuak onartutako foru legea konstituzioaren aurkakoa den ala ez aztertuko du. PSNk, Bilduk, Aralar NaBaik, Ezkerrak eta Geroa Baik babestuta atera zuten aurrera eskuin muturreko taldeen eta funtzionario publikoen biktimak aitortzeko araua, baina foru arauak "zuzenbide estatuaren oinarrizko bermeak" urratzen dituela uste du Espainiako Gobernuak.
Oraingoz, beraz, bertan behera utzi du legea Konstituzionalak. Erabakiaren berri eman die Espainiako Kongresuari eta Senatuari, eta Nafarroako Gobernuari eta parlamentuari. Hamabost eguneko epea dute orain aldeek auzian pertsonatzeko. Nafarroako Gobernuko bozeramaile Ana Ollok iragarri du helegitea aurkeztuko dutela, haren esanetan, legea ez delako konstituzioaren aurkakoa.
"Indarkeria guztien biktima guztiak" aitortu behar direla nabarmendu du Ollok: "Legeak biktima horien justiziarako eta erreparaziorako eskubideari erantzuten dio".
"Justizia paralelo bat"
Espainiako Gobernuaren argudioen artean, ustezko "justizia paralelo bat" bultzatzea dago. "Legeak Aitortza eta Ordainaren Batzordeari ematen dio atentatuak, eraso, tortura eta bestelako giza eskubideen urraketak ikertzeko eskumena, berez epaile eta auzitegiena dena", azaldu zuten helegitea jartzerakoan. Legearen alde egin zuten taldeek onartezintzat jo zuten Mariano Rajoyren gobernuaren jarrera.