Memoria historikoa

Tramiterako onartu dute Durango bonbardatu zutenen aurkako kereila

Udalak asteartean jarri zuen kereila zen pilotu italiarren aurka. 1937ko Martxoaren 31ko batzordearen arabera, orain "atea zabaltzen zaio ikerketa judizialari, biktimei eta kaltetuei zor zaien egia, justizia eta ordaina eskuratzeko"

Martxoak 31 Batzordeko kideak, asteartean, kereilaren aurkezpenean. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS
Samara Velte.
2017ko uztailaren 20a
13:07
Entzun

Durangoko lehen instantziako auzitegiak tramiterako onartu du herria 1937ko udaberrian bonbardatu zutenen aurkako kereila. Udalak asteartean aurkeztu zuen hura: Italiako Aviazione Legionariako pilotuak salatu zituen, 1937ko martxoaren 31n eta hurrengo egunetan Durango bonbardatzeagatik. Udaleko alderdi nagusiek Anais Franquesa abokatu katalanaren laguntza izan dute horretarako, eta 1977ko Amnistia Legearen zirrkitu bat baliatu dute; izan ere, hark 1936ko gerrako delituen egileak babesten ditu, baina ez Espainiako naziotasuna ez daukatenak. Erroman topatutako artxibo batzuei esker, 1937ko Martxoaren 31 elkarteak uste du aski aztarna badaudela italiarrek "gizarte zibila helburutzat" zutela probatzeko: frankisten aginduz, Durangoko herritarrak "hiltzeko, suntsitzeko eta ikaratzeko asmoarekin" bonbardatu zuten herria hiru egunez. Gutxienez 361 herritar hil zituzten, eta dozenaka zauritu. Horregatik, gizateriaren aurkako krimenak eta gerrako krimenak egozten dizkiete.

Pozik agertu da 1937ko Martxoaren 31 elkartea: "Kereila tramiterako onartuta, atea zabaltzen zaio ikerketa judizialari, biktimei eta kaltetuei zor zaien egia, justizia eta ordaina eskuratzeko". Asteartean bertan iragarri zuenez, herri akusazio gisa gehituko zaio auziari, ahalik eta elkarte eta herritar gehiena batuta. Franquesak antzeko beste kasu bat ere badarama: Bartzelona 1937an eta 1939an bonbardatu zutenen aurkakoa. Hura ere tramiterako onartuta dago, eta, elkartearen arabera, "Espainiar Estatuan faxismoaren krimenak epaitegietan ikertzeko atea ireki du".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.