Irrati lizentziak

Tranpa gehiagorik ez egiteko exijitu dio Euskalerria Irratiak gobernuari

Egon daitezkeen ardura politikoak eta judizialak argitzeko eskatu dute euskarazko hedabideko kideek.

edurne elizondo
2014ko urtarrilaren 10a
12:07
Entzun

"Albiste ontzat" eman dute Euskalerria Irratiko kideek Espainiako Auzitegi Gorenak irrati lizentziak banatzeko prozesua bertan behera utzi izana. Auziak 1998. urteko egoerara egin du atzera, ondorioz, eta urte hartako lehiaketaren bigarren fasea errepikatu beharko du Nafarroako Gobernuak. Lehendabizikoan Euskalerria Irratia da sailkapeneko buru. Irratiko zuzendari Mikel Bujandak salatu du Nafarroako Gobernuak hamabost urtez egin dituela "irregulartasunak" haiei dagokien baimena ez emateko. "Hamabost urteko lapurreta da hau".

Iruñerriko euskaldunen hizkuntza eskubideak urratu dituztela erantsi du Bujandak, eta argi utzi du ez direla haiek gobernuaren oztopoak jasan behar izan dituzten bakarrak. "Benetako segregazionismo linguistikoa gauzatzen ari da Nafarroako Gobernua", erran du Bujandak, eta EITB zabaltzeko dauden zailtasunak ere jarri ditu mahai gainean. Orain arte egindako hutsak zuzentzeko eskatu dio gobernuari, eta konpon dezala, behingoz, hamabost urtez "kalte" egin dien egoera.

Irratiko koordinatzaile Juan Kruz Lakastak "dauden ardura politikoak eta egon daitezkeen ardura judizialak argitzeko" eskatu du, hain zuzen ere. Irratiko kideek gogoratu dute iaz egindako lizentzien banaketan ere "irregulartasunak" gertatu zirela, eta haren aurkako helegitea ere aurkeztu dutela gaineratu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.