Transexualen behar mediko, psikologiko eta juridikoak asetzeko asmoz, legea onartu du Eusko Legebiltzarrak gaur goizean, ia aho batez onartu ere. Alderdi guztiek eman dute aldeko botoa, PPk izan ezik. Legearen aurka egin ez duen arren, puntu batzuetan aurkako botoa eman du PPk. Nafarroako Parlamentuak duela hiru urte onartu zuen legea.
Transexualek osasun arloan dituzten eskubideak bermatu nahi ditu legeak, baita arlo juridikoan eta psikologikoan dituzten beharrak ere. Osakidetzak dagoeneko egiten dizkie ebakuntzak transexualei, sexua aldatzeko, Gurutzetako erietxean. Jarduera hori legez arautu du legebiltzarrak orain, eta horrek osasun zerbitzuaren jarduna bermatuko duela azaldu du Jaurlaritzak. Dagoeneko 21 laguni egin diete ebakuntza bertan, hasi zirenetik.
Legeak jasotzen du, baita ere, transexualei nortasun txartel bat emango diela administrazioak, sexuz aldatzeko ebakuntzak egiten ari diren eperako. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bakarrik izango dute balioa agiri horiek. Sexuz aldatzeko ebakuntzen prozedura bukatutakoan, datuak ezabatu egingo direla ziurtatzen du legeak. Ebakuntza horiek egin izan dituztenek sarri salatu dute nortasuna egiaztatzeko arazoak izan dituztela.
Lan eta hezkuntza alorretarako neurriak ere zehazten ditu legeak, transexualen laneratzean eta heziketa afektiboan urratsak egiteko. Legeak bermatuko du, halaber, Berdindu informazio eta aholkularitza zerbitzuak lanean jarraituko duela.
Lesbiana, gay, transexual eta bisexualen kolektiboekin lankidetzan eta adostasunean landu duela jakinarazi du Jaurlaritzak, eta araudia "egungo errealitatera" egokitu duela.
Genero Nortasunagatik Inor Ez Diskriminatzeari eta Transexualen Eskubideak Onesteari buruzko Legea izena eman diote onartu berri duten arauari.