Transexualen arretari buruzko arau gutxi daude; hartara, osasun esparruko protokoloakizan ohi dira irizpide nagusia.
Osasun sisteman, eritasun. Legez hala ezarrita ez dagoen arren, transexualitatea buru nahasmendutzat dute ia herrialde guztiek. AEBetako psikiatren DSM gidaliburua da erreferente nagusia, eta azken bertsioetan apaldu egin du gaixotasun izaeraren pisua, baina ez du erabat baztertu. Ondorioz, osasun sistema gehienetan irizpide hori jarraitzen dute, eta genero disforia diagnostikatzen diete transexualei, hormona edo kirurgia tratamenduak abiatzeko.
Dokumentazio aldaketa. Transexualen nortasun agirietako aldaketa —izena eta sexuaren erreferentzia— baino ez du arautzen Espainiako legediak: adindun izatea, disforia diagnostikoa edukitzea eta gutxienez bi urteko tratamendu hormonal edo kirurgikoa egiaztatzea galdegiten diete. Frantziak, berriz, 2010ean kendu zuen transexualitatea eritasunen zerrendatik, baina ez du berariazko legerik gaiari buruz; jurisprudentzian oinarritzen dute jarduna.
Hegoaldeko legeak. Transexualen eskubideak aitortzeko eta diskriminazioa saihesteko legeak onartuta dauzkate Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Besteak beste, osasun arreta sistema publikoan bermatu beharra jasotzen dute bi arauek, baita hezkuntza esparruan neurriak hartu beharra ere.
TRANSEXUALITATEA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu