Zazpi milioi euro inbertitu ditu Jaurlaritzak Galdakaoko transfusio eta giza ehunen zentroaren instalazioak handitu eta eraberritzeko. Zentroa odola eta giza ehunak biltzeaz arduratzen da, eta erkidegoko ospitale publiko zein pribatuak hornitzen ditu.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 50.000 pertsona baino gehiagok jaso behar izaten dute urtero odoltransfusio motaren bat, eta ia 1.500 pertsonari egiten zaio ehun aldatzea. Hiru herrialdeetan antolatzen dituzte odol bilketak, eta gehienak unitate mugikorren bitartez egiten dira. Egun ia 60.000 odol emaile aktibo daude, eta 1.500 pertsona inguruk ehun motaren bat ematen du.
Hala ere, Rafael Bengoa osasun sailburuak odol emaile berriak aurkitzeko beharra azpimarratu du. Izan ere, urtero, 65 urte bete dituzten 7.000 pertsonak odola emateari uzten diote, eta ezinbestekoak dira ospitaletako jardun kirurgikoa bermatzeko. Horrela, kanpainen garrantzia eta emaile berriak lortzeko lanean ari diren 1.500 boluntarioen balioa azpimarratu ditu. Patxi Lopez lehendakariak osasun zerbitzu publikoa defendatu du: «Osasuna ezin da merkatuaren interesen menpe egon, ezta krisiaren aitzakiapean murriztu ere».
24 orduz lanean
Galdakaoko zentroa eguneko24 orduetan eta urteko 365 egunean egongo da lanean. Izan ere, jasotako odol eta ehunak zentrora heldu eta ordu gutxiren burura tratatzen dira. Horniduraere eguneko 24 orduetan egiten da.
Horrela, odola zentrora heldu bezain laster osagai ezberdinetan banatzen dira, batez ere, globulu gorriak, plaketak eta plasma bereiziz. Odolaren osagai horietako bakoitzari lanketa prozesu bat egiten zaio. Ondoren, osagai denak aztertzen dira, odol mota zehazteko, edo gaixotasun infekziosoen presentzia detektatzeko.
Prozesu horiek garatzeko, 400 metro karratuko zentroa laborategi eta biltegi ezberdinez osatua dago, eta 200 pertsona arituko dira bertan lanean.
Transfusioak egiteko zentro eraberritua ireki dute
Odola eta giza ehunak jaso, aztertu eta ospitaleetara banatzen dituen Galdakaoko zentroa handitu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu