Koronabirusaren transmisio guneetan egon ostean, arnas sintomak dituzten herritarrei etxean geratzeko eta Osakidetzako Osasun Kontseiluaren telefonora (900-20 30 50) deitzeko eskatu die Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Halere, Nekane Murga sailburuak lasaitasun mezua bidali nahi izan du, eta Osakidetzako profesionalen taldearengan «konfiantza izateko» eskatu du.
Osasun Sailaren arabera, koronabirus kasu susmagarritzat jotzen da arnas gaixotasun baten berezko sintomak dituzten herritarren kasua. «Eztula, eztarriko mina, sukarra eta aire faltaren sentsazioa» aipatzen ditu. Azken hamalau egunetan arrisku gune batean egon diren herritarrentzat litzateke eskaera. Eremu horiek hauexek dira: Txina, Hego Korea, Japonia, Singapur, Iran eta Italia (Lombardia, Veneto, Emilia-Romagna eta Piemonte eskualdeak).
Jaurlaritzak gaineratu du ez dagoela gomendio espezifikorik eremu horietara ez bidaiatzeko, baina Murgak ezinbestekotzat jo du «zentzuz» jokatzea. Hau da, beharrezkoa bada bakarrik bidaiatzea.
Jaurlaritzak urtarrilean abiatu zuen koronabirusaren aurkako jarduera protokoloa, eta, azaldu dutenez, hura «etengabe eguneratzen» ari dira. Gaineratu dute Osasun Saila Gaixotasun Infekzioso Berrien Euskadiko Aholku Batzordearekin eta Kontingentzia Planen Batzordearekin koordinatuta ari dela lanean, une oro datuak berrituz.