Gaur goizean, bi manifestari porlanezko bidoi banatan lotu dira Bilboko Kale Nagusian, Eusko Jaurlaritzak Bizkaiko hiriburuan duen egoitzaren aurrean. Errepideko lau bideetako bi oztopatu dituzte, bat noranzko bakoitzean. Sukar Horia taldeak egin du ekintza. Klima aldaketaren inguruan egiten du lan taldeak. Eusko Jaurlaritzak klima aldaketaren inguruan daukan «ekintza falta» gaitzetsi nahi izan dute ekintza horren bidez, eta «trantsizio ekologiko justua» eskatu dute.
Zirkulazio arazo batzuk sortu dituzte ordu pare batez, baina suhiltzaileek eguerdirako askatu dituzte porlanezko bidoietatik, eta bidea zabaldu dute. Ertzaintzak identifikatu egin ditu protestan parte hartzen ari zirenak.
Sukar Horiak argudiatu duenez, koronabirusarekin bezala gertatzen ari da klima larrialdiarekin: badatorrela ikusi arren, gobernuak «berandu» ari dira neurriak hartzen. «Neurri sakonak hartu ezean, klima larrialdiak ere oso gogor joko gaitu. Horregatik, koronabirusaren lezioak ikasi eta gure gizartearen norabidea aldatu behar dugu».
Pobreziari aurre egiteko, «aberastasunaren banaketa masiboa» eskatu dute; langabeziari aurre egiteko, berriz, lan orduak murriztea eta zerbitzu publikoak indartzea. Ekonomia berriz tokikora ekartzea proposatu dute, eta elikadura burujabetzaren alde egin dute. Krisia «dirudunek eta kutsatzaileek» ordain dezatela eskatu dute.