Tratu txarrak berretsi dituzte senarra ustez hil zuen andrearen seme-alabek

Alaba gazteenak izan ezik, gainerakoek aitaren jipoiak jasotzen zituztela jakinarazi dute epaiketan

Erredakzioa
Iruñea
2010eko urriaren 21a
00:00
Entzun
«Horrelako zerbait lehenago ez gertatu izanak harritzen nau, eta alderantziz gertatu ez izanak». Ustez senarra hil zuen Tafallako (Nafarroa) andrearen seme nagusiak, J.A.G.M-k, hitz horiekin laburbildu du bere amak urteetan sufritutako tratu txarrak. Izan ere, haren arabera, egu-notan epaitzen ari diren ema-kumeak jasotzen zituen tratu txar fisiko zein psikologikoak «ukaezinak» dira. Horregatik senarrarekin zuen etxea uztea eta seme-alabaren batekin bizitzera joatea proposatu ziotela gaineratu du.

Iazko azaroaren 2an senarra hiltzea leporatzen dio fiskalak emakumeari, eta 11 urteko espetxe zigorra eskatu du harentzat. Haatik, defentsako abokatuak libre uzteko eskatu du, emakumeak bere burua babesten saiatu zelakoan. Seme nagusiak epaiketan azaldu duenez, amak «bizitza osoan» jasan ditu tratu txarrak. Salaketa jartzeko aukera burutik pasatu zitzaiola aitortu du, baina baztertu egin zuela: «Salaketa bat jarri izan banu, ama laugarren solairuko leihotik aterako zen etxetik». Emakumeak tratu txarrak «ezkutatzeko» ahalegina egiten zuela gaineratu du J.A.G.M-k.

Bestetik, seme-alabek ere hildako aitaren tratu txarrak sufritzen zituztela jakinarazi du seme nagusiak, baina azaldu du bertan behera gelditu zirela «aurre egiteko adina» izan zutenean. Haren esanetan, aita «zakarra» eta «hitz txarrekoa» zen, eta seme-alaba guztiek beldurra zioten.

Alaba gazteena izan zen hildako gizonak iraintzen ez zuen bakarra. «Ni nintzen haren irtenbide bakarra, gainontzekoek bizkarra ematen ziotelako», azaldu du L.G.M-k, alaba gazteenak, epaiketan. Dena den, emaztea iraintzeko aitzakiarik ez zuela behar izaten azaldu du. Esaterako, adibide gisa jarri du gizona hil zen gaueko eztabaida hasteko aitzakia bera izan zela.

«Edo zu, edo bera»

Iazko azaroaren 2an amaren deia jaso zuela gogoratu du seme nagusiak epaiketan. Etxera heldu zenean, aita lurrean ikusi zuen, eta ama zauria estaltzeko ahaleginean zebilela. Gertatutakoari buruz galdetu ere ez ziola egin azaldu du, «agerikoa» zelako. «Lasai egoteko eskatu nion: 'Edo zu, edo bera', esan nion». Izan ere, inoiz zerbait gertatzea espero zuela aitortu du semeak. «Noizbait aitak muga zeharkatu beldur nintzen».

Bi seme-alabez gain, azaroaren 2an gertaeraren tokira joan ziren poliziek eta medikuak deklaratu zuten atzoko saioan. Emakumea «antsietate egoeran» zegoen. Foruzainen arabera, emakumeak ubeldurak zituen hanka batean, besoan eta aurpegiaren alde batean. Emakumearen egoeraren ondorioz, semeari berarekin egoteko eskatu zioten, bere buruari min egiteko gai ikusi zutelako. Horrez gain, azaldu zuten sukaldea ez zegoela bereziki «nahasia», odol asko egon arren.

Halaber, medikuek azaldu zuten gizona oraindik bizirik zegoela etxera heldu zirenean, baina oso larri. Hogei minuturen buruan hil zen, ordurako odol asko galdua zuelako. Eta gogorarazi zuten emakumea bera saiatu zela zauria estaltzen larrialdietako zerbitzuak heldu aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.