Tratu txarren biktimak laguntzeko ituna berritu du Eusko Jaurlaritzak

Egunero hamar emakumek salatu zituzten iaz tratu txarrak; guztira, 3.915 salaketa izan ziren

Mikel Carramiñana.
2007ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Emakumeen aurkako indarkeriaren biktimek pairatzen duten egoera nekezaren barnean, erasotzailearen kontra salaketa jartzeak dakarren prozedura juridikoari aurre egin behar izatea dago. Horri konponbidea emateko eta, tratu txarrak jasan dituztenek berehalako laguntza juridikoa eskuratu dezaten, ituna sinatu zuten 2003an Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak eta Abokatuen Euskal Kontseiluak.

Hitzarmen hura gaurkotu eta biktimei eskainitako zerbitzua hobetzeko akordio berria aurkeztu zuten atzo, Bilbon, Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburu Joseba Azkarragak eta Abokatuen Euskal Kontseiluko presidenteorde Nazario Oleagak. Itun berriaren helburua, Azkarragak azaldu zuenez, «intolerantziari eta indarkeriari harresi bat jartzeko gizarteak egiten duen ahaleginarekin bat» egitea da.

Akordio berriak «emakumearen kontrako indarkeriaren, etxeko indarkeriaren eta sexu erasoen biktima izandako guztiei» laguntzeko sortu dute eta, horretarako, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gaur egun lanean ari diren guardia abokatuen kopurua handituko dute. Orain arte, 12 abokatuk eskaini izan dute doako aholkularitza zerbitzua eta, akordio berrian aurreikusi dutenez, hemendik aurrera hamabost izango dira: 3 Araban , 7 Bizkaian eta 5 Gipuzkoan.

Abokatuen Euskal Kontseiluarekin adostutakoaren arabera, Justizia Sailak biktimen aholkularitzarako zerbitzuen aurrekontua handituko du urte honetatik aurrera. Aurten 675.000 euro bideratu kodituzte, iaz baino %56 gehiago. Datozen urteei begira ere, gora egingo du kopuruak, 975.000 eurokoa izango da 2008an eta milioi batetik gorakoa 2009an. Bestalde, Barakaldon emakumeen aurkako indarkeria auzientzako epaitegia sortzeko beharra gogorarazi zion Azkarragak Espainiako Justizia ministerioari.



SALATU AURRETIK. Biktimari Laguntzeko Zerbitzuek duten helburu nagusia salaketa jarri aurretik informazio juridikoa eskaintzea da eta, horrez gain, biktima hasieratik artatu duen abokatuak berak laguntzea prozedura osoan zehar. Biktimek «nahi dutenean bakarrik egingo dute salaketa eta, aurretik, informazio juridiko guztia izango dute». Justizia sailburuak, halaber, zerbitzuek iaz artatu zituzten biktima kopuruen datuak eman zituen atzoko agerraldian.

Guztira, 1.751 lagunek jo zuten zerbitzu horiengana, 2005ean baino 355 gehiago. Horietatik, 1.582 emakumezkoak izan ziren eta, gizonezkoak, berriz, 169 . EAEko epaitegietan emakumearen kontrako indarkeriarekin lotutako auzien berri ere eman zuen. Zigor arloan eginiko salaketak 3.915 izan ziren eta, horrez gain, 1.655 babes agindu eskatu zituzten. 2005eko datuekin alderatuta, salaketa kopuruak %6 igo ziren eta babes aginduak, berriz, %18.



GURASOEN KONTRAKOA. Etxeko eremuan gertatzen den indarkeriari dagokionez, bestalde, adingabekoseme-alabek euren gurasoak erasotzeagatik gero eta salaketa gehiago izan direla nabarmendu zuen, azkenik, Justizia sailburuak: «Azken urteotan areagotu egin dira, bai adingabekoen kopurua eta baita erabaki judizialak ere». Ezagutarazi zituen datuen arabera, iaz, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 55 adingabek erabili zuten indarkeria euren gurasoen kontra; alegia, aurreko urtean baino 24 gehiagok.



Kartzelarekin zigortu dute Bergaran emaztea jipoitu zuen gizona

Gipuzkoako Probintzia Entzutegiak hiru urte eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio iazko maiatzean, Bergaran, emaztea atxiki eta jo zuen gizonari. Hasieran zortzi urte eta bederatzi hilabeteko kartzela zigorra eskatu zuen Fiskaltzak, baina, auzipetuak aurkeztutako aringarriak aintzat hartu eta eskaera apaldu zuen, drogen eraginpean aritu izana argudiatu baitzuen gizonak.

Aurretik ere, emazteari eginiko tratu txarrengatik emakumearengandik urruntzeko agindua zuen gizonezkoak. Alabaina, agindua urratu, emakumea kolpatu eta gogoz kontra atxiki zuen bien etxebizitzan, harik eta Ertzaintzak askatu zuen arte. Zigortutako gizonak hiru egunez geldiarazi zuen etxean emakumea eta, bitartean, etengabe jo eta mehatxatu zuen. Horrez gain, sakeleko telefonoa, etxeko giltzak eta gainean zeraman dirua kendu zizkion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.