Azaroaren 18an beteko da urtebete Espainiako Kongresuak bizkar eman zionetik bi udalerriak Arabara batzeko eskaerari, eta urteurren hori baino hiru aste lehenago batzartu dira Ramirez, Pedro Elosegi Arabako Biltzar Nagusietako presidentea, Ignacio Portilla Trebiñuko alkatea eta Roberto Ortiz de Urbina Argantzungo alkatea.
Bilera hasi aurretik, adierazpen instituzional bat irakurri du Gonzalezek. "Indarrean dagoen araudiak eskaintzen dituen aukeren barruan", Trebiñuko eskualdea osatzen duten udalerri eta biztanleak Arabako parte balira bezala tratatzeko "mekanismoak" prestatu nahi ditu foru gobernuak. Bi alkateei "lankidetzan, elkar ulertzean eta senidetzean" oinarritutako harremana eskaini die, eta "beharrezkoa den guztia" egiteko prest dago bi udalerriak Arabara batzeko nahia gauzatzeko.
Gaztela eta Leon eta Espainiako gobernuei egin die eskaria Gonzalezek: galdegin die "oztopoak jartzeari" utz diezaiotela eta errespeta ditzatela eskualdeko biztanleen borondatea.