Eusko Legebiltzarrak Trebiñu Arabara batzeko urratsak emateko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. EAJren eta PSEren aldeko botoekin onartutako proposamenean, Jaurlaritzari galdegin dio lantalde bat eratu dezala Trebeñuko auzian parte diren erakunde guztiekin, eta lege organiko bat adostu dezatela bertan; ondoren, lege hori Espainiako Kongresura eraman eta bertan onartzeko.
Trebiñu Arabara batzeko eskaria Eusko Legebiltzarrera eraman du, gaur, EH Bilduk. Proposamen bat aurkeztu du, Eusko Jaurlaritzari, Gaztela eta Leongo Gobernuari, eta Espainiako Gobernuari dei egiteko "Trebiñuko herritarren borondate aske eta demokratikoa" onartzera. EH Bilduren testuak jasotzen duenez, borondate horrek izan behar du "Trebiñuko herriak Arabara batzeko baldintza bakarra".
Koalizioaren proposamena baztertu egin du legebiltzarrak, EAJren, PSEren eta PPren kontrako botoekin. Elkarrekin Podemos abstenitu egin da. Juan Carlos Ramirez EAJko legebiltzarkidearen esanetan, "utopikoa" da EH Bilduren proposamena, Trebiñu Arabara batzeko "baldintza bakarra" Trebiñuko herritarren borondatea dela aipatzen duelako. Ramirezek ohartarazi du auziak hainbat erakunderi eragiten diela. Antzeko adierazpenak egin ditu PSEko Txarli Prietok ere. Baztertu egin du trebiñarren borondatea aurkeztea "zilegitasun bakar" modura, Gaztela eta Leongo eta Espainiako gobernuen iritzia ere kontuan hartu beharrekoa dela iritzita.
Jaurlaritza sostengatzen duten bi alderdiek emendakin bat adostu dute, eta Eusko Jaurlaritzari eskatu diote bide eman diezaiola "Trebiñuko herritarren nahi zilegiei". Horretarako, lantalde bat eratzera deitu diote, auziak eragiten dien erakunde guztiekin batera, Espainiako Kongresuan onartzeko lege proposamen bat adostu dezaten. Lege horren helburua litzateke "egungo lurralde mugak moldatzea [Trebiñu] Arabako Lurralde Historikora batzea baimenduz".
EAJren eta PSEren proposamenaren kontra bozkatu du EH Bilduk, eta abstenitu egin dira PP eta Elkarrekin Podemos.
Azken horrek, erreferendum bat galdegin du, "legezkoa eta bermeduna", auziari irtenbidea emateko. PPk, berriz, Gaztela eta Leongo eta Eusko Jaurlaritzaren arteko "elkarlana" indartzeko eskatu du.
Legebiltzarreko talde guztiak agertu dira Trebiñu Arabara batzearen alde.