TREBIÑU

Trebiñu Arabara batzeko ekinaldia asteartean helduko da Kongresura

Arabako udalerrietako eta kuadrilletako 46 hautetsik babesa adierazi diote 2013. urtean abiarazi zuten lege proposamenari. Igandeko egunkarian gaia zabal landuko du BERRIAk.

'Trebiñu Araba da' manifestua aurkezteko prentsaurrekoa. Irudian, prentsaurrekoko unea, Mikel Urdangarin erdian. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS
Arabako Hitza
2014ko azaroaren 14a
19:30
Entzun

Espainiako Kongresuak datorren asteartean eztabaidatuko du, historian lehendabiziko aldiz, Trebiñu Burgostik banandu eta Arabara batzeko lege proposamena. Argantzungo eta Trebiñuko udalek gehiengo osoz onartu zuten ekinaldia, eta Eusko Legebiltzarrean onartu zuten azkenik joan den otsailean, EAJ, EH Bildu eta PSEren aldeko botoekin. Eztabaida Gorteetara eramatea "historikoa" dela nabarmendu dute ekinaldiaren bultzatzaileek.

Espainiako Konstituzioaren 141.1 artikulua oinarri, Burgosko eta Arabako mugak aldatzea proposatuko dute Madrilen, Burgostik banandu eta Araban sartzeko. Ekinaldia aurkezteko argudioen artean, gogoratuko dute trebiñarrek historian zehar hamaika aldiz eskatu dutela Arabarekin bat egitea, besteak beste, 1980, 1998 eta 2013an adostutako akordioen bitartez; 1998an herri kontsulta egin zuten, eta herritarren %77ek parte hartu zuten, eta %68 Arabara batzearen alde azaldu ziren.

Alkateen babesa

2013an abiatutako ekinaldiarekin bat egin dute Arabako udalerrietako eta kuadrilletako 46 hautetsik, afera "behin betiko" konponduko den itxaropenarekin. Afera konpondu bitartean "erdizkako konponbideak" ematen ari direla salatu dute hautetsiek eta Trebiñuko biztanleen premiei eragiten diela. "Integraziorik ez dagoen bitartean, oinarrizko hainbat arlo ezin izango dira garatu; tartean, osasuna, hezkuntza, ekonomia, komunikabideak eta lurralde batasuna", adierazi dute ohar batean. Besteak beste, Amurrio, Eltziego, Kanpezu, Lagran edota Lapuebla de Labarcako alkateek eta Aiarako eta Añanako kuadrillak eman diote babesa ekinaldiari.

Asteartean, gertutik erreparatuko diote Argantzungo eta Trebiñuko alkateek Madrilen gertatuko denari. Gorteek emango duten erantzuna bat edo bestea izan, ordea, hasitako bideak atzera bueltarik ez duela adierazi dute. "Bidea hasi dugu, eta amaieraraino jarraituko diogu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.