Ostegun honetan eztabaidatu eta bozkatuko dute Eusko Legebiltzarrean Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Gaztela Leon erkidegoaren arteko mugak aldatzeko eta Trebiñu Arabara batzeko lege organikoa. Onartuz gero, Espainiako Kongresura eramango da, han testua onar dezaten. Osteguneko eztabaidari begira jarri dira Trebiñu eta Argantzungo udalerriak, eta eskaera zehatza egin diote gaur PPri: "aho batez" babestu dezala lege organikoa. Izan ere, orain arteko jarrerei eutsiz gero, EAJ, EH Bildu et PSEren babesa izango du lege ekimenak, eta abstentziora joko dute PPk eta UPDk. Ignacio Portilla Trebiñuko alkateak dei egin dio EAEko PPri konderriari buruz duen jarrera "behingoz argitu" dezala, eta Arabara sartzea nahi badu, aldeko botoa eman dezala Legebiltzarreko osoko bilkuran.
Portillok berak eta bi udalerrietako hainbat zinegotzik agerraldia egin dute gaur goizean Gasteizen. Portillak gogor kritikatu du Gaztela eta Leongo PPk Trebñuko aferan duen jarrera: "Onartezina da Gaztela Leonek pentsatzea Trebiñuren gaineko jabego eskubidea duela. Trebiñu, izatekotan, trebiñuarrena da".
Portillaren esanetan, Eusko Legebiltzarrak onartu eta Gorteetara igorriko duen lege organikoa trebiñuarren "garaipen garrantzitsua" da, eta erakusten du badagoela aukera auzia konpontzeko. Lege organikoaren bideak legedia "zorrotz" errespetatzen duela gogoratu du, eta beraz, ez dagoela inolako argudiorik Gorteek tramitera ez onartzeko. "Errespetua eta legea, horixe da eskatzen duguna", azpimarratu du.