lurralde egituraketa

Trebiñuk Arabarekin bat egin dezala eskatuko dio Eusko Legebiltzarrak Espainiako Kongresuari

Xabier Agirrek (EAJ), Belen Arrondok (EH Bildu) eta Txarli Prietok (PSE) defendatuko dute lege ekinbidea Espainiako Gorteetan. Zuzeneko kontakizuna egin du Edurne Begiristain kazetariak.

Eusko Legebiltzarreko saioa. ARP
Berria.info
2014ko otsailaren 6a
11:12
Entzun

Legebiltzarreko saiora Trebiñu eta Argantzungo udalerrietako alkate eta zinegotziak joan dira, gonbidatu gisa. Bertan egiten ari dira osoko bilkura, eta onartu egin dute Espainiako Kongresura Trebiñu Araban administratiboki sartzeko eskaera eramatea.

EAJ, PSE eta EH Bilduren aldeko botoa izan du egitasmoak, eta PPren eta UPDren abstentzioa. "Arrazoizkoa da Trebiñu Araban sartzea, eraginkortasunagatik", argudiatu du Gorka Maneiro UPDko legebiltzarkideak. Carmelo Barriok (PP), berriz, aukera horren alde egin du: "Trebiñu administratiboki Araban sartu behar da, eta berandu baino lehen hala izango da". Nolanahi ere, PPk ez du bat egiten legebiltzarreko ekinbidearekin. Barriok esan du ez dela egokia eta "aurrekari arriskutsuak" ezar ditzakeela.

Xabier Agirrek (EAJ) legebiltzarreko ekinbidea txalotu du. "Urrats garrantzitsua egingo dugu Trebiñuko auzia konpontzeko". Belen Arrondok (EH Bildu) PPren jarrera kritikatu du: "Ez duzue Trebiñuko auzia konpondu nahi". Halaber, elkartasuna adierazi dio Arkaitz Bellon hilik agertu den euskal presoaren sendiari. Txarli Prietok (PSE) egitasmoa babestu du, hamarkadetako auzia "desblokea" dezakeelakoan: "Pozik gaude ekinbide demokratiko honekin".

Eztabaidaren ondoren, legebiltzarraren erabakia eskertu dute Igancio Portillo Trebiñuko alkateak eta  Begoña Garcia Argantzungo alkateordeak. Trebiñuko afera konpontzeko "mugarri garrantzitsua" dela azpimarratu dute, hemendik aurrera auziak "bestelako dimentsioa" hartzen duelako. "Legezkotasunagatik ez ezik, zilegitasunagatik ere Araban sartu nahi dugu", esan du Portillok. Gorteen esku egongo da hemendik aurrera Trebiñuko aferari konponbidea ematea, eta itxaropentsu daude bi udalerrietako ordezkariak: "Estatuak ezin dio auziari izkin egin, eta trebiñuarrei entzun beharko die".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.