Ignacio Portilla eta Roberto Ruiz Trebiñuko eta Argantzungo alkateekin bilera bat egin du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Espainiako Kongresuak konderria Arabara batzeko aukera baztertu eta bi hilabetera.
Trebiñuko konderria (Burgos, Espainia) Araban sartzeari buruzko lege proposamena eraman zuen Eusko Legebiltzarrak Espainiako Kongresura. Haren ezezkoa jaso ostean, Urkulluk konpromisoa azaldu du "bide berriak" zabaltzeko, eskari horri irtenbide bat emate aldera.
Portillak azaldu du jarrera "harkorra" azaldu dutela Jaurlaritzako ordezkariek, eta Urkulluk "konpromiso pertsonala" azaldu diela "bide berriak zabaltzeko". Gainera, Portillaren esanetan, bilerak balio izan du zerbitzuak eskaintzeko Gaztela eta Leongo Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak dituzten lankidetza hitzarmenei "iraungitze data" jartzeko beharra azaleratzeko: "Trebiñu ezin da zerbitzurik gabe geratu, baina hitzarmen sistema ezin da behin betiko egoera iragankor batean geratu; edo iragankorra da, edo behin betikoa".
Bi gobernuen arteko lankidetza hitzarmenek Espainiako Senatuan ponentzia bat osatzeko proposamena dute oinarri, Portillak gogorarazi duenez. Lantalde horretan Trebiñuko egoera administratiboa zehaztu bitartean zerbitzuak emateko sortu ziren akordio horiek. Horren harira, Portillak iragarri du epe mugagabea duten hitzarmenei iraungitze datak jarriko dizkietela.