Espainiako Estatuko tren geltokietako 142 txarteldegi ixteko erabakia hartua zuen Renfek. Gaur goizean, jada, zerbitzua etenda zegoela jakinarazia zieten Euskal Herriko zenbait geltokitako erabiltzaileei; besteak beste, Castejonen, Tafallan eta Altsasun.
Auziak hautsak harrotu ditu Nafarroan, eta erabakia txarretsi dute hiru herri horietako alkateek. Sustrai Erakuntza fundazioak ere deitoratu egin du «Nafarroako aldirietako trenbide sarea desegiteko saialdia», AHTa sustatzeko bidean eginiko «urrats bat» dela argudiatuta. Nafarroako talde politikoen artean, besteak beste Ahal Dugu-k eta Ezkerrak gaitzetsi dute erabakia.
Arratsaldean, ordea, Teruel Existe alderdiak eman dio buelta egoerari, Pedro Sanchezen inbestidurarako negoziazioen barruan. Alderdi horrek PSOErekin izandako bilkuran, inbestidura akordioa sinatzeko baldintza gisa jarri du tren geltokietako txarteldegiak ixteko prozesua etetea. Teruel Existeko diputatu Tomas Guitartek adierazi duenez, Espainiako Gobernuak onartu egin du baldintza, eta berehala etengo du prozesua; sei hilabeteren buruan, «beste aukera batzuk» aztertuko ditu.