Gizartea

Tren lasterraren lau zatitan obrak gelditu ditu Jaurlaritzak

Proiektuetan aldaketa batzuk egindakoan berriro abiaraziko dituzte lanak. Ez dute zehaztu zer aldaketa egingo dituzten.

2016ko martxoaren 1a
08:48
Entzun

Eusko Jaurlaritzak Efe albiste agentziari azaldu dio Euskal Y-aren lan batzuk geldiarazita daudela Gipuzkoan: Zizurkil-Andoain, Antzuola-Ezkio mendebaldea, Antzuola-Ezkio ekialdea eta Hernialde Zizurkil.

ETS Euskal Trenbide Sareak eskatu ditu proiektuetan aldaketa horiek, Eferen arabera. Abiadura handiko trenaren (AHT) Gipuzkoako obretaz arduratzen da ETS (Jaurlaritzaren mendeko organoa da).

Aldaketa horietako bat, izatez, dagoeneko onartua du Adifek (Espainiako Gobernuaren mendeko erakundea, AHTaren kudeaketaz arduratzen dena, besteak beste). Zizurkil eta Andoain arteko zatian eskatu zituen aldaketa batzuk ETSk, Adifek onartu berritu ditu eta, beraz, laster obra horiekin jarraitu ahal izango dutela azaldu du Jaurlaritzak.

Antzuola-Ezkio mendebaldea zatian, Efek azaldu duenez, obrak guztiz geldituta daude. Beste bi zatietan, berriz, erdizka ari dira lanean, ETSk eskatutako aldaketa horiek ez diotelako eragiten obra guztiari. Eusko Jaurlaritzak ez du azaldu, dena den, obra horiek gerarazteko zer nolako aldaketak eskatu dizkion Adifi.

Zizurkil-Andoain zatian obraren %41 eraikia dago, eta Hernialde-Zizurkil zatian %54. Antzuola-Ezkio mendebaldeko eta ekialdeko zatietan aurreratuago daude lanak: %79,5 eta %86, hurrenez hurren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.