Sakanako hainbat gizarte eragile, alderdi politiko, sindikatu eta norbanakok bat egin dute tren soziala berreskuratzeko aldarrikapenarekin, eta adierazi dute “guztiz desegokia” dela inposatu nahi dieten abiadura handiko trena, bai Sakanarentzat, bai Nafarroako gainerako eskualdeentzat. Izan ere, tren lasterra egingo balitz, “korridore huts” bilakatuko litzateke eskualdea, “proiektu jasangaitzak, kutsagarriak eta xahutzaileak baino hartuko ez dituena”. “Gaur egun, hesi fisiko asko ditugu Sakanan; hain zuzen, egungo trena, errepideak eta autobia, baita goi tentsioko lineak ere. Eta, horiez guztiez gain, gerta daiteke laster beste hesi bat izatea, trazadura berrian eraikitako abiadura handiko trena”, nabarmendu dute Sakana Trenaren Alde plataformako kideek. Nafarroako trenbide sare osoa berritzea proposatu diete erakundeei, eta, batez ere, “lurraldea kohesionatuko duen” eta “herritarren zerbitzura” egongo den tren baten alde egitea.
Plataformako kideek gogorarazi dute trenbidea komunikazio ardatz “garrantzitsua” izan dela Sakanan beti, industriari lotuta egon delako, baina ohartarazi dute gero eta gutxiago erabiltzen dela azken hamarkadetan. Zenbait geltoki eta geraleku desagertu direla-eta –Ziordia, Olatzagutia eta Hiriberri, kasurako–, abiadura handiko trenarekin zerbitzu gehiago galduko dituztela ohartarazi dute. “Ibilbide luzeko zerbitzu gutxi horiek galduko ditugu; hain zuzen ere, protestei esker oraindik Altsasun geratzen diren Alvia trenak, denbora tarte egoki batean Zaragozarekin eta Bartzelonarekin komunikatzen gaituztenak”.
Bide bikoitzaren alde egitea proposatu diete erakundeei, eta trenbidea nazioarteko zabalerara egokitzea, “izan hirugarren erraila jarriz, izan zabalera horretako bide berria eginez”. Aldiriko zein eskualdeko trenen maiztasuna handitzea ere galdegin diote Nafarroako Gobernuari. “Gure ustez, hobekuntza horiek egitea askoz ere merkeagoa eta jasangarriagoa da abiadura handiko trenerako trazadura berria egitea baino”, nabarmendu dute plataformako kideek.