Trenak ibiltzen hasi dira berriz Ipar Euskal Herrian

Bederatzi eguneko grebaren ondoren lanera itzultzea erabaki dute SNCFko langileek, zuzendaritzaren eta sindikatuen arteko negoziazioak hasi direla-eta. Sindikatu gehienen iritziz lehenbiziko negoziazioak "emankorrak" izan dira. Bederatzi eguneko etenaren ondoren, piskanaka ari da tren zerbitzua ohiko egoerara itzultzen.

2007ko azaroaren 23a
11:21
Entzun
Bederatzi egunez geldirik egon ondoan, SNCF tren konpainiako langileak berriz hasi dira lanean. Langileak greba etetearen alde agertu dira, SNCFko zuzendaritzaren eta sindikatuen arteko negoziazioak hasi direla kontuan harturik.

Nolanahi ere, bederatzi eguneko etena luzea da, eta burdinbideko trafikoa berriro antolatu behar denez, piskanaka ari da tren zerbitzua bere onera etortzen. Lapurdi Parisekin lotzen duten abiadura handiko trenak normal ibiliko direla espero da; eskualdeko trenetan, berriz, erdiak ibiliko direla.

Herenegungo lehenbiziko bilera horretatik landa, hurrengo bileretan akordioa sendotzeko itxaropena agertu zuen Anne-Marie Idrac SNCFko nagusiak. «Berehalako engaiamenduak hartu ditugu, eta hurrengo bileretan zehaztuko ditugu», adierazi zuen. Hurrengo bilera azaroaren 29an izanen da.

Sindikatu gehienen iritziz, lehenbiziko negoziazioak «emankorrak» izan dira. Herenegun arratsaldean bildu ziren, eta Bernard Thibault CGTko idazkari nagusiak baikor hitz egin zuen bilera hartaz. Bernard Guidou burdinbideetako langileen CGTko ordezkariak adierazi zuen «lehenbiziko iragarpen baikorrak» entzun zituztela bilera hartan, baita negoziazioetarako egutegi «irakurgarri» bat ere. «Lehenbiziko tanto batzuk lortu ditugu», gehitu zuen.

Ez da arras iritzi berekoa Sud sindikatua. Nahiz eta CGT den SNCFko langileen artean indar handien duena, Sud da bigarren indarra, eta erretreten erregimen bereziaren erreforma bertan behera utzi arte greban jarraitzearen aldekoa zen. Gainerateko sindikatuak, ordea, negoziazioaren aldekoak dira.

Xavier Bertrand Frantziako Lan ministroa pozik agertu zen, atzo langileek lana berriz hasiko dutela iragarri baitzuten. «Negoziazioaren logika nagusitzea» txalotu zuen. Haatik, erreformaren printzipioei eusten diela berretsi zuen berriz ere. «Dena eztabaidagarria da bilera horietan, baina erreformaren printzipioak ez ditugu berraztertuko», adierazi zuen. Berrogei urtez kotizatu beharko dela errepikatu du F

rantziako Gobernuak. Lanaren zailtasuna kontuan hartzeko neurriak izanen direla iragarri du.

EROSTEKO AHALMENA. Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak berretsi zuen erreforma horiei guztiei buruz hitzeman zuena beteko duela. SNCFko erretreten erregimen bereziaz gain, unibertsitateetako legeaz, auzitegien mapaz eta ANPE eta Unedic egituren fusioaz mintzo zen. «Ez dut amore emanen, eta ez dut gibelera eginen», erran zuen. Aldiz, erosteko ahalmena igotzeko neurriak iragarriko ditu laster.

Hainbat aukera aipatu dituzte jadanik, hala nola hamahirugarren soldatari dagokion dirua zergen kalkulutik kentzea, enplegurako prima haztea, auto zaharrak auto biltegietara eramateko primak ematea eta lanaren denbora legala kentzea. Azken hori, patronalaren Medef erakundearen proposamena da.

Neurri horiek guztiak bideragarriak ote diren ez dago argi, ordea. Alabaina, Frantziak zor handiak dauzka. Sarkozy boterera heldu denetik hainbat zerga apaldu ditu, baina horrek diru iturri batzuk gutxiago sortzen ditu. François Fillon lehen ministroak Estatuaren «porrota» aipatu zuen irailean. Joan den asteartean ildo beretik mintzatu zen. «Frantziak frantsesei aberastasun gehiago banatuko die, baldin eta aberastasun gehiago ekoizteko gai baldin bada».

Asteartean greba egin zuten funtzionarioek mobilizazioei eutsiko dietelako abisua eman dute. Zortzi eguneko epean erosahalmenari buruzko negoziaziorik ez bada hasten edo iragartzen, abendu hasieran mobilizazioak izanen direla iragarri dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.