Trenbideen segurtasuna auzitan jarri du Altsasun (Nafarroa) larunbat gauean izandako istripuak. Arduragabe jokatzen duela jendeak maiz, hala esan du Nafarroako Barne kontseilari Javier Caballerok: «Zuhurtziarik eza da zuhurtziarik eza. Zuhurrago jokatzeko eskatu behar dugu».
Bi neska gazte hil ziren larunbat gauean Altsasun, trenak harrapatuta. 16 eta 17 urte zituzten, eta festara zihoazen, Olatzagutiara (Nafarroa); inauteriak zituzten han. Bi herrien artean bada bidezidor bat, errepide nagusia baino laburragoa, eta handik joatea erabaki zuten. Hamar laguneko kuadrilla zen. Trenbidearen ondo-ondoan dago bidea, eta, hura amaituta, aurrera jarraitu zuten gazteek; bi hildakoek trenbidetik, eta gainerakoek, inguruko harri artetik —inguruko zubi bat pasatu, eta bide nagusia hartzea da ohikoa—. Hutsik zihoan tren batek aurrean eraman zituen bi neskatoak. 23:10 inguru zirela gertatu zen istripua.
Argitzeko dago oraindik zehatz zer gertatu zen. Lehen zantzuen arabera, hildako gaztetxoek ez zuten trena sumatu —zementua egiteko enpresa bat dago inguruan, eta A-1 autobidea ere bai; baliteke lantegiko hotsaren eta errepideko argien eraginez ez ohartu izana trena zetorrela—, eta gidariak ere ez zituen ikusi harrapatu aurretik.
Dolu eguna Altsasun
Hantxe bertan hil ziren 16 eta 17 urteko bi neskatoak. Altsasuko udalbatzak bozeramaileen bilera berezia egin zuen atzo, eta dolu egun izendatu zuen atzokoa. Hain zuzen ere, bi gazteen hileta elizkizunak ere egin zituzten.
Guardia Zibilaren ikerketaren nondik norakoak jarraitzekotan geratu da udala, eta ondorioak aztertzekotan. Ez alferrik, Altsasuko eta Olatzagutiko herritar askoren ohiko bidea da trenbidearen ondokoa. Bi herrien arteko bidezidor hori ohiko ibilbidea baino kilometro bat laburragoa da.
Azterketaren emaitzak aintzat hartuta, neurriak hartzeko aukera aipatu du Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkari Elena Saizek. «Lanean ari dira, zer gertatu zen argitzeko eta aurrerantzean nola jokatu ikusteko». Bi hildakoen hurkoei dolumina eta babesa azaldu die Saizek, Altsasuko Udalak egin bezala.
Nafarroako Gobernuak arduraz jokatzeko deiarekin uztartu du dolumina. Bi neska gazte tren batek aurrean eramanda zendu izana «dramatikoa eta lazgarria» izan dela adierazi du Javier Caballero Barne kontseilariak. Baina esan du arduragabe jokatzea izaten dela maiz era horretako istripuen jatorria: «Ezin liteke trenbidearen ondoan ibili oinez, eta are gutxiago gauez». Hartara, ezbeharretik irakaspena ateratzeko eskatu die herritarrei Caballero kontseilariak, une garratzak direla onartu arren. «Arreta handiz ibili beharra dago. Oro har, horrelakoetan zuhurtzia handiagoz jokatzeko deia egin behar dugu».
Trenekin erne ibiltzeko eskatu dute, istripua dela eta
Altsasun trenak aurrean eramanda bi neskato hil ostean, Caballerok dio arreta handiagoz jokatu beharko lukeela jendeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu