Nikolas Sarkozy Frantziako presidenteak beren erretretarako erregimen berezia bertan behera utzi nahi duela eta, SNCF tren konpainiako sindikatuek lanuzte deialdia egin dute gaurko Ipar Euskal Herrian eta Frantzian. Hala, bart gauerditik ia ez dabil trenik Ipar Euskal Herrian: zerbitzu minimoak betetzeko egunean bi tren abiatuko dira Hendaiatik (Lapurdi) Parisera, baina eskualdeko zerbitzurik ez da izango -autobus bidez emango dute gutxieneko zerbitzua-.
Arestian esan bezala, SCNFko sindikatuen ekimena izan da gaurko protesta eguna, baina askoz ere hedadura handiagoa hartu du eta Sarkozyk bultzatu nahi duten erreforma ekonomikoen kontrako mobilizazio bihurtu da. Hala, SNCFn ez ezik, EDF eta GDF elektrizitate eta gas enpresetako langileek ere bat egin dute deialdiarekin (%60ko jarraipena) eta baita zenbait erietxe eta ikastetxetako langileek ere. Dena den, osasun eta hezkuntza arloko jarraipena apalagoa izan da.
Lanuztea ez ezik, manifestazioa egin da goizean Sarkozyren asmoren kontra egiteko. 2.000 bat lagun ibili dira Baionako karriketan, SNCFren geltokitik abiatuta.
Ekonomia
Trenik ez dabil Ipar Euskal Herrian
Halaber, beste zenbait sektorek bat egin dute SNCF tren konpainiako sindikatuek Sarkozyren erreformen aurka egindako lanuzte deialdiarekin, eta, besteak beste, zenbait erietxe eta ikastetxetan greban dira. 2.000 bat lagunek parte hartu dute Baionako manifestazioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu