Auzipetu eta abokatu zenbaiten osasun arazoak tarteko etenda egon ondoren, astelehenean hasi ziren berriro 18/98 auziko epaiketako saioak. Prozesuan kontuan hartzen ari diren 75/89 eginbideak epaiketa hasi eta gero eskuratu zituztela-eta, epaiketa berriro abiatzeko eskatu zuen defentsak. Epaimahaiak ez zuen eskaera hori ontzat eman, baina auzipetuei gerora jasotako eginbide horien inguruko galdeketa egiteko aukera eman zion defentsari.
Hori dela eta, atzoko eta gaurko saioetan dagoeneko deklaratu duten auzipetuak galdekatzen aritu da defentsa, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzonek polizia txostenetan oinarrituta osatu zituen eginbide horien inguruan. Orain arte 21 auzipetuk deklaratu dute, eta horietatik zortzi galdekatu ditu berriro defentsak 75/89 eginbideek beren aurkako akusazioetan zerikusia dutelako.
Azkenak, Carlos Trenor eta Pablo Gorostiaga izan dira. Biak gaur goizean galdekatu ditu defentsak.
Ondoren, Xabier Alegriak hasi behar zuen deklaratzen, baina gaur ezingo zuenez deklarazio guztia osatu, astelehena arte atzeratu du epaimahaiak epaiketa: "Alegriak etenik gabe deklara dezan".
'18/98 auzia'
Trenorrek eta Gorostiagak berriro deklaratu ondoren, astelehena arte eten dute epaiketa
Ordubete iraun du '18/98 auziko' epaiketako gaurko auzi-saioak, hau da, defentsak Carlos Trenor eta Pablo Gorostiaga auzipetuei 75/89 eginbideetan agertzen direnei buruz galdetzeko behar izan duten denbora. Aurreikusita zegoen ondoren Xabier Alegriak hasi behar zuela deklaratzen, baina, azkenean, saioa eten eta Alegriaren agerraldia astelehena arte atzeratzea hitzartu dute epaimahaiak eta defentsak, "Alegriaren deklarazioak etenik izan ez dezan". Sumario horretako 55 auzipetuen artean Alegriaren aurkakoa da zigor eskaerarik handiena: 51 urte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu