Politika

Tribuna Barcelona Grande Marlaskaren debekuari helegitea jartzea aztertzen ari da

Datorren astelehenean, =lEl Periodico de Catalunyak==http://www.elperiodico.com/=l antolatuta =lTribuna Barcelona==http://www.tribunabarcelona.com/=l eztabaida foroan agerraldia egin behar zuen, Bartzelonan, Arnaldo Otegi Batasuneko kideak. Gaur, baina, Fernando Grande Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak debekatu egin du Otegiren hitzaldia. Garnde Marlaskak dio ekitaldia egin ahal izango dela baina Batasuneko kidearen agerraldia bertan behera utzi behar dela. Tribuna Barcelona Kataluniako eztabaida foro garrantzitsuenetako da eta El Periodico de Catalunyarekin batera Grande Marlaskaren debekuari helegitea jartzea aztertzen ari da. Katalunian haserre handia eragin du Grande Marlaskaren erabakiak.

2006ko ekainaren 23a
19:06
Entzun
Grande-Marlaskak galarazi egin du, beraz, Otegiren agerraldia eta horretarako Espainiako Gobernuak Bartzelonan duen ordezkariari beharrezko neurriak har ditzala esan dio Otegiren hitzaldia galarazteko. Kaleratu duen autoaren arabera, Otegik "ez ditu norbanako gisa erabiliko bere eskubide zibil eta politikoak, ETA erakunde terroristearen bozgorailu politiko-instituzional bihurtu baizik".

Grande Marlaskaren erabakiaren ondoren, Tribuna Barcelonak bertan behera utzi du datorren astelehenean egitekoa zen Otegiren agerraldia. Tribuna de Barcelonako iturrien arabera, ekitaldia bere horretan mantentzeko aukerak "aztertu" ondoren hartu dute erabakia.

292 hitzaldi 11 urteko ibilbidean

Tribuna Barcelonak solasaldiak antolatu ohi ditu hainbat gonbidaturekin. Duela 11 urte hasi ziren eztabaida foro hauek antolatzen eta dagoeneko 292 hitzaldi egin dituzte. Bazkariak izan ohi dira eta gonbidatuez gain herritarrek ere har dezakete parte bazkari txartelak eskuratuta. Arnaldo Otegiren hitzaldian 300 lagunen parte-hartzea konfirmatuta zegoen. Antolatu dituzten 292 foroetan oso gutxitan ailegatu dira 300 laguneko parte-hartzea izatera.

Ez da Batasunekoak Tribuna Barcelonak antolatutako ekitaldi baten parte hartzen duen lehen aldia. Aurreko ETAren su-etenaren garaian ere bertan izan zen Otegi. Datorren astelehenean Otegik eskaini behar zuen hitzaldiaren aurkezpena August Gil Matala abokatuak egin behar zuen. August Gil Matamala Europako Abokatu Demokraten Elkarteko burua da eta besteak beste, '18/98 auziaren' epaiketako nazioarteko begirale gisa aritu da.

Astelehenean, ekainak 26, Batasuneko kideak egin behar zuen agerraldia hitzaldi sorta baten barruan dago. Ondoren, ekainaren 28an Patxi Lopezek PSE-EEko idazkari nagusiak hartuko du parte eta uztailaren 5ean, berriz, Josu Jon Imaz EAJren EBBko presidenteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.