Londresko Auzitegi Gorenak atzera bota du Antton Troitiño estraditatzeko Espainiako Auzitegi Nazionalak egindako eskaera. Hala, joan den apirilean Troitiño Espainiaratzeko zabaldutako bidea itxi du Roger Thomas epaileak. Orduan, ontzat eman zuen Espainiaren eskaera, argudiatuta "fede onez" jokatzen ari zela. Hirugarren aldia da preso ohiaren aurkako estradizio agindua atzera botatzen dutena.
Oraingoan, ordea, defentsak aurkeztutako helegiteari eman dio arrazoi, adieraziz, auzitegiak ez dituela bete Erresuma Batuko Estradizio Legearen baldintzak. Legeak zehazten du estradizioa eskatzen duen herrialdeak ziurtatu behar duela akusatua bertan ez egotea oztopo dela epaiketarako data jartzeko. Hori bera argudiatu zuen azken aldian Espainiako Auzitegi Nazionalak, baina azaldu gabe zergatik ez den Troitiñorekin zuzenean harremanetan jartezn saiatu, esaterako, bideokonferentzia bidez.
2011n geratu zen aske Troitiño Espainiako Estatuaren espetxeetan 24 urte preso egin ondoren. Besteak beste, 1986an ETAk Madrilen eginiko atentatu batean parte hartzeagatik zigortu zuten —Guardia Zibilaren autobus bat leherrarazi zuen erakunde armatuak eta hamabi agente eta ehun bat herritar zauritu zituen—.