grezia

Tsiprasek troikaren testua baztertu eta "aterabide integrala" eskatu du

Tsiprasek gaur Greziako Parlamentuan adierazi du "sorpresa desatsegin bat" izan dela asteon Jean-Claude Juncker Europako Batzordeak troikaren izenean eman dion itun proposamena. Atenasen marra gorriak zeintzuk diren berretsi du Tsiprasek.

Alexis Tsipras, Greziako Parlamentuan, azalpenak ematen. YANNIS KOLESIDIS, EFE
Jon Fernandez.
2015eko ekainaren 5a
11:10
Entzun

Alexis Tsipras lehen ministroak Atenasko parlamentuan negoziazioen inguruan esandakoak agerian laga du, beste behin, handia dela Grezia eta troika bereizten dituen amildegia. Jean-Claude Juncker Europako Batzordeak troikaren izenean eman dion itun proposamena "irreala eta zentzugabea" zela esan du Tsiprasek.

Erlojuaren kontra tratua itxi beharra nabarmendu du, baina ez nolanahiko tratua: "Ez dugu akordio huts bat behar, biontzako konponbide integral bat behar dugu, Greziarentzat eta Europarentzat".

Syrizak ez duela Europa hautsi nahi berretsi du, eta NDFri pagatu beharreko 300 milia euroak ez pagatzea horren adibide dela esplikatu du. Ekaineko lau ordainketak egun bakarrean pagatuko dizkio Atenasek NDFri, hilaren 30ean. Halere, troikaren azken proposamena gogor kritikatu du: "Ez nuen imajinatzen politikoek usteko zutela pentsioak ezabatu daitezkeenik edo argindarraren BEZa hamar puntu igo daitekeenik".

Atenasen marra gorriak zeintzuk diren berretsi du Tsiprasek: superabit primarioa txikitzea, zorra berregituratzea, eta pentsioa eta soldata errealak defendatzea. Troikak eskatzen dionaren guztiz kontrakoa. Hala eta guztiz ere, itxaropenari tarte bat egin dio lehen ministroak.

Tsipras konbentzituta dago asteon troikari bidali dion proposamena "errealista" dela eta agiri horretan dagoela konponbiderako gakoa. Ofizialki inork ez ditu publiko egin aste honetan bigarren erreskatearen azken atala ixteko elkarri bidali dizkioten proposamenak —bigarren erreskateko azken 7.200 milioiak jasotzeko behar du ituna Atenasek—, baina prentsak filtratu egin ditu, eta agerian geratu da oraindik ere zein kontrajarriak diren Greziaren eta hartzekodunen jarrerak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.