Tsunamia indargabetua iritsi da Ozeano Barera, eta herrialde gehienek alerta egoera kendu dute

2011ko martxoaren 11
18:54
Entzun

Tsunamiaren olatuei beldur handia zegoen Ozeano Bareko eta Hego Ameriketako hainbat herrialdeetan, baina tsunamia oso ahalduta iritsi da lehendabiziko herrialdeetara. Besteak beste Hawaiiko kostaldea jo du dagoeneko tsunamiak, baina ez dirudi kalte gehiegi eragin dituenik. Japonian 10 metrorainoko olatuek astindu dute kostaldea, baina oraingo olatuak ez dira metrora iritsi. Dena den, olatu gehiago iritsiko dira kostaldera, eta hurrengoak altuagoak izango direla uste du AEBetako meteorologia institutuak.

Indonesiako kostaldera ere iritsi da tsunamia, baina olatuak ez dira metro erdira iritsi. Beldur handia zegoen biztanleen artean, guztiek oroitzen zutelako 2004eko Sumatrako lurrikara. Oraingoan, zorionez, eragina ez da hain larria izan, eta ez du ia eraginik izan.

Mexikora ere iritsi dira lehen olatuak, 50 zentimetrokoak izan dira.

Egoera hala, herrialde askok alerta egoera kendu dute. Hala nola: Australia, Filipinak, Guam, Indonesia, Taiwan, Txina eta Zeelanda Berria.

Egunean zehar hainbat herrialdek tsunamiaren aurkako neurriak hartu dituzte kalteak saihesteko, eta Hego Amerikako herrialdeetan alerta egoera dago oraindik. Costa Rica, Ekuador, El Salvador, Guatemala, Honduras, Kolonbia, Mexiko, Nikaragua, Panama, Peru eta Txile dira neurriak hartu dituzten herrialdeak.

Hala, Ekuadorreko Gobernuak salbuespen egoera ezarri du, eta kostaldea zein Galapago uharteak hustutzeko neurriak hartu ditu. Aurreikuspenen arabera, 00:00ak aldera joko du tsunamiak uhartea.

Txilen ere neurriak hartu dituzte tsunamiaren aurrean. Pazko uharteko biztanleak leku segurura eraman dituzte.

Perun ere kostaldeko biztanleak leku seguruetara mugitu dituzte.

Hasiera batean tsunamiak Ipar Amerikan eraginik izango ez zuela zirudien arren, Kanadako British Columbia probintzian arrisku "abisua" ezarri du. Korronte handiak egoteko arriskua dago, eta portuetan eta kostaldean kontuz ibiltzeko eskatu dute.

Kalifornian (AEB) itsaso asko harrotu da, eta uhinaldiak gero eta bortitzagoak dira.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.